Prentsa-oharra

TECNALIAren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen 3D bioinprimagailua saritu dute

2024ko martxoaren 19a
La bioimpresora 3D de TECNALIA y la Universidad del País Vasco, premiada

TECNALIAren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen 3D bioinprimagailua saritu dute Diario Médicok eta Correo Farmacéuticok

  • Ennova Health 2023 sariketaren hirugarren edizioa egin dute Diario Médicok eta Correo Farmacéuticok. Ekimen digitalen bidez 20202/23an balioa eman, sistemaren jasangarritasunari lagundu eta pazientearen bizitza hobetu duten profesionalen, erakundeen eta enpresen lana aintzatesten dute sariek.
  • TECNALIAren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen 3D bioinprimagailuen ekimenak dagoeneko sortu ditu lehen botikak eta prototipo biologikoak, eta saria irabazi du Pazientearen Ahalduntze Digitala kategorian.

2023ko azaroaren 21a. TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak garatutako 3D Bioinprimaketa ekimena aintzatetsi dute Diario Médicok eta Correo Farmacéuticok, urtero ematen dituzten berrikuntza eta osasuneko saria emanda, Pazientearen Ahalduntze Digitala kategorian.

Atzo egin zuten sari-banaketa, Ennova Health 2023 sarien hirugarren edizioaren ekitaldian. 2022/23an ekimen digitalen bidez balioa eman, sistemaren jasangarritasunari lagundu eta pazientearen bizitza hobetu duten profesionalen, erakundeen eta enpresen lana aintzatesten dute sariek.

Bioinprimatze-zentroak dagoeneko sortu ditu lehen botikak eta prototipo biologikoak, eta terapia pertsonalizatuak garatzeko aukera emango du, batez ere pediatriaren, zahartze osasungarriaren eta medikuntza birsortzailearen eta ehun-ingeniaritzaren arloetan, industria farmazeutikoari eta osasun-sektoreari zerbitzua eman ahal izateko.

Eider Larrarte TECNALIAren laborategi farmazeutikoen zuzendariak eskerrak eman zizkien antolatzaileei sariagarik, eta hau azaldu zuen: “3D inprimaketak bide bat irekitzen dio egoera berezietarako eta paziente-talde txikietarako medikuntza pertsonalizatuari, kasu horiek ezin baitira tratatu merkaturatuta dauden metodo farmazeutiko klasikoekin. Bioinprimagailu honek pazientearen premiak jartzen ditu erdigunean, eta pertsona horien guztien kalitatea hobetzen lagunduko du”.

Halaber, azpimarratu zuenez, “lan bikaina egin dute ikertzaileek elkarrekin; izan ere, zuen ahaleginari eta sormenari esker, mundu hobe bat sortzen laguntzen dugu berrikuntza eta teknologia aliatutzat hartuta”.

Proiektuak Arabako Foru Aldundiaren laguntza jaso du, eta aurten eta 2024an, makinaren softwarearen eta adimenaren fase esperimentalean eta bilakaeran zentratuko dira ikertzaileak, helburu honekin: ospitaleek eta farmazia-unitateek inprimatuak eta bioegiturak fabrikatzeko bioinprimagailuak izatea.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide.

Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena.

Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean.  Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.

EHUri buruz

Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 500 unibertsitate onenen artean dago, Shangaiko sailkapenaren arabera. Graduko eta graduondoko 43.000 ikasle baino gehiago ditu, eta 7.400 langile inguru, zerbitzua emateko goi-mailako hezkuntzan, ikerketan eta transferentzian. EAEko ikerketa-agente nagusia da.