VICINAY MARINEk eta TECNALIAk ainguratze-lerroen korrosioa

    2026ko maiatzaren 12a

    VICINAY MARINE y TECNALIA desarrollan un sensor pionero para monitorizar la corrosión

    VICINAY MARINEk eta TECNALIAk ainguratze-lerroen korrosioa monitorizatzeko sentsore aitzindari bat garatu dute

    • Itsas zabaleko sistemen segurtasuna, fidagarritasuna eta balio-bizitza areagotzeko soluzio bat da. Elkarlan honek erakusten du berrikuntzarekin aurre egin diezaiekegula sektore estrategikoetako erronka garrantzitsuei 
    • Garapen honek erabilera- eta komertzializazio-potentzial handia du azpiegituren integritatea bermatzea, eragiketa-arriskuak murriztea eta mantentze-lanetako estrategiak optimizatzea lortzeko, murgilduta dauden elementu metalikoen korrosioa monitorizatzea funtsezkoa den sektoreetan 
    • Sentsorea Galizian aurkeztuko da, Navalian, sektoreko ontzigintza-azoka nagusian. Azoka horretan, 1C35 standean egongo da TECNALIA, Euskal Herriko Itsas Foroarekin batera, maiatzaren 19tik 21ra bitarte

    Derio, 2026ko maiatzak 11. VICINAY MARINE nazioarteko liderra da itsas zabaleko industriarako ainguratze-soluzioetan, eta, ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko TECNALIA zentroarekin batera, ainguratze-lerroetako korrosioa urrunetik monitorizatzeko sentsore aitzindari bat garatu du. Itsas zabaleko sistemen segurtasuna, fidagarritasuna eta balio-bizitza areagotzeko sortutako soluzioa da. Sentsorea Galizian aurkeztuko da, Navalian, sektoreko ontzigintza-azoka nagusian. Azoka horretan, 1C35 standean egongo da TECNALIA, Euskal Herriko Itsas Foroarekin batera, maiatzaren 19tik 21ra bitarte.

    Korrosioa faktore gakoa da plataforma flotatzaileetan (esaterako, itsas parke eolikoetan edo itsas zabaleko beste sistema batzuetan) erabiltzen diren kateen eta konektoreen integritateari eta iraunkortasunari dagokienez. Itsas inguruneko muturreko baldintzak, aldakortasun termikoa eta jarduera-epe luzeak direla eta, eredu teorikoak ez dira nahikoak izaten, batzuetan, osagaien benetako higadura aurreikusteko.

    Erronka horri aurre egiteko, bi entitateek elkarlanean jardun dute korrosioaren monitorizazio-sentsore bat garatzeko, zeina erresistentzia elektrikoan oinarritua dagoen. Teknologia horri esker, denbora errealean kuantifika daiteke kate-mailaren atalaren galera, baita haren garapena modelizatu eta ainguratze-lerroari geratzen zaion balio-bizitza iragarri ere.

    «Korrosioa alderdi garrantzitsua da ainguratze-sistemen integritate estrukturalaren kudeaketan. Izan ere, zuzenean eragiten du funtsezko osagaien dimentsionamenduan, balio-bizitzan eta mantentze-estrategietan; adibidez, kate-mailetan eta konektoretan. Orain arte, eredu teorikoen eta ikuskapenen mende geunden. Sentsore honekin, urrats erabakigarria eman dugu degradazio-prozesua etengabe eta zehazki monitorizatzeko bidean. Monitorizazio horren bidez, gehiago jakin ahal izango dugu sentsorearen benetako portaerari buruz martxan dagoenean, osagaien diseinua eta lodiera optimizatu ahal izango dugu, eta mantentze-lanak eta kostuak modu eraginkorragoan kudeatu ahal izango ditugu sistemaren balio-bizitzan zehar», azaldu du VICINAY MARINE Innovación zentroko materialen saileko arduradun Aintzane Expósitok.

    TECNALIAko Muturreko baldintzetarako materialen arduradun Raúl Caracenak, bestalde, azpimarratu du hamarkada asko daramatzatela itsas inguruneetako korrosioari aurre egiteko soluzio aurreratuak garatzen. «Punta-puntako azpiegiturak dauzkagu: laborategi espezializatuak, HarshLab, gure laborategi flotatzaile berezia... Horiei guztiei esker, eragiketa-baldintza errealetan baliozkotu ditzakegu teknologiak. VICINAY MARINErekin elkarlanean jarduteak aukera ematen digu materialei eta haiek muturreko baldintzetan duten portaerari buruzko ezagutza industrian garrantzitsua den erronka batean aplikatzeko. Elkarlan honek erakusten du nola egin diezaiekeen aurre berrikuntzak sektore estrategikoetako (hala nola, itsas zabaleko erabilerak eta ontzigintza) erronka garrantzitsuei».

    Korrosio-sentsorearen funtzionalitateak

    Soluzio hau patentatuta dago jada, eta Harshlabeko ingurune errealean baliozkotu da. Teknologia berriak itsas egoera errealetan ebaluatzeko saiakuntza-plataforma flotatzaile bakarra da Europan, eta kostaldetik 1,6 itsas miliara kokatua dago.

    Sistema berriarekin, honako hauek ere egin daitezke:

    • Urrunetik etengabe monitorizatu. Hala, ikuskapen fisiko garesti eta konplexuak egiteko beharra murrizten da.
    • Korrosioa jasaten duten osagai guztiek etorkizunean izango duten portaera zehaztasunez iragarri.
    • Mantentze-lanak optimizatu. Horri esker, esku-hartzeak eraginkortasun handiagoz planifika daitezke.
    • Eragiketen segurtasuna areagotu, narriadura maila kritikoetara iritsi aurretik hautematen duelako.

    Itsas inguruneetako korrosioa

    Teknologia hau, kateetan eta ainguratze-lerroetan erabiltzeaz harago, erabilgarri suerta liteke korrosioa aktiboen fidagarritasunerako, segurtasunerako eta balio-bizitzarako faktore kritikoa den sektoreetan. Garapen honek erabilera- eta komertzializazio-potentzial handia du azpiegituren integritatea bermatzea, eragiketa-arriskuak murriztea eta mantentze-lanetako estrategiak optimizatzea lortzeko, murgilduta dauden elementu metalikoen korrosioa monitorizatzea funtsezkoa den sektoreetan.

    Aurreikuspenen arabera, itsas zabaleko azpiegituretan, itsas energia eolikoan, ontzigintza-sektorean, portuko instalazioetan eta, orokorrean, uneoro ingurune agresiboetan murgilduta dauden sistema edo egitura metalikoetan erabili ahal izango da, besteak beste. Degradazioa etengabe monitorizatzeko aukera eta mantentze-lan prediktiboetarako informazio erabilgarria ematen duenez, harekiko interesa areagotu egiten da ikuspegi teknikotik zein komertzialetik.

    VICINAY MARINEri buruz

    250 urte baino gehiagoko historia du VICINAY MARINEk, eta erreferentzia da nazioartean itsas zabaleko industriarako kateen, konektoreen eta ainguratze-sistemen fabrikazioan. Enpresak bost fabrika eta I+Gko unitate bat ditu lau herrialdetan, eta tradizio industriala eta abangoardiako teknologia konbinatzen ditu kalitate eta segurtasun handieneko soluzioak eskaintzeko.