Emaitza egiaztatzeko, EKIDEren bidelagun izan gara prestazioak ebaluatzeko prozesuan, eta zenbait saiakuntza egin ditugu: suarekiko erreakzio- eta erresistentzia-saiakuntzak, isolamendu akustikokoak eta tren-ibilgailuaren zenbait sistemaren saiakuntza mekaniko batzuk.
EKIDEk eta TECNALIAk elkarrekin egindako lanari esker, funtsezko pauso bat eman dugu garraio jasangarriago baterantz, eta ondorio positibo bikoitza —ekonomikoa eta soziala— duen soluzio berritzaile bat garatu dugu.
EKIDEn, automobilgintzarako eta trenetarako ingeniaritzaren sektorean finkatuta dagoen enpresan, produktu berriak garatzeko eta fabrikatzeko modu berrien bila gabiltza; hurrengo pausoa da haiek saiakuntza berezietan ebaluatzea.
Trengintzak erronka argi bati egin behar dio aurre: ibilgailuak arindu egin behar dira energia-kontsumoa murrizteko eta jasangarriagoak bihurtzeko.
Horrek eskatzen du pisua murrizten duten soluzio berritzaileak aurkitzea, segurtasuna, erosotasuna eta errendimendua arriskuan jarri gabe, eta, ondoren, soluzio horiek behar bezala baliozkotzea.
“Eta hor sartzen da TECNALIA; izan ere, zer izan daiteke bereziagoa tren-bagoi bat probatzea baino?” adierazi du José Manuel Hidalgok, TECNALIAko Egituren Segurtasuneko Laborategiko arduradunak.
“Garatutako soluzio honetan, material konposatuak sartu ditugu trenetan, eta material konbentzionalak ordezkatu. Horren emaitza izan da eraikuntza-sistemak arintzea, haien prestazioak arriskuan jarri gabe“, adierazi du Ander Uraldek, EKIDEko Produktu eta Prozesuetako arduradunak.