Altzairuaren industriak zirkularragoa eta jasangarriagoa den siderurgia baten aldeko apustua egin du

    2026ko irailaren 29a

    Zirkulartasun_jasangarria_siderurgia

    "TECNALIAk funtsezko zeregina du bere CIRMETAL azpiegiturak dituen gaitasunei esker"

    Altzairuaren industriak bere historiako erronka handienetako bati egin behar dio aurre: ingurumen-inpaktua murriztea eta ekoizpen-eredu jasangarriagoetarantz aurrera egitea

    Bide horretan, soluzioak garatu behar dira eskuragarri dauden baliabideak hobeto aprobetxatzeko, karbono-isuriak murrizteko eta sektorearen lehiakortasunari eusteko. Xede horrekin sortu zen CircSmeltSteel.

    Horizon Europe programa europarrak finantzatutako proiektu hori uztailaren 1ean jarri zen abian, eta Europako zenbait herrialdetako 26 bazkidek hartu dute parte bertan. Datozen lau urteetan, bigarren mailako materialen potentziala aprobetxatzeko eta Europako siderurgia-industria jasangarriagoa, lehiakorragoa eta erresilienteagoa izateko lan egingo du partzuergoak.

    Azpiproduktu metalurgikoak erabiltzeko bide berriak

    CircSmeltSteelek helburu du bide berriak garatzea eta baliozkotzea labe elektrikoen bidez altzairua fabrikatzeko baliatuko diren azpiproduktu metalurgikoak bigarren mailako lehengai gisa erabiltzeko.

    • Material horiek azken altzairuaren konposizio kimikoan, mikroegituran eta propietateetan nola eragiten duten aztertuko da.
    • Emaitzei esker, altzairuaren ekoizpena gero eta zirkularragoa izatea ahalbidetuko duen ezagutza sortuko da.

    Metalen zirkulartasunaren arloko erreferentziazko azpiegitura

    TECNALIAk funtsezko zeregina du bere CIRMETAL azpiegiturak dituen gaitasunei esker. Azpiegitura hori erreferente da metalen zirkulartasunaren arloan. Handik gidatuko du TECNALIAk materialak aurreprozesatzeko (nahastea, aglomeratzea eta briketatzea) teknologia aurreratuen aplikazioa, bai eta teknologia elektrikoetan oinarritutako berotze-soluzio eraginkorren garapena ere.

    Era berean, TECNALIAk altzairuzko lingoteak fabrikatuko ditu, lortutako materialaren kalitatea ebaluatzeko eta proiektuan garatutako prozesu metalurgikoak baliozkotzeko.