"Soluzio honekin, denbora errealean eta produktua aldatu gabe monitorizatuko da hartzidura-prozesua"
TECNALIAk SOSTWINE24 ekimena bultzatu du, ardoaren hartzidura teknologia jasangarriarekin eraldatzeko.
Hartzidura da ardogintza-prozesuko faserik erabakigarri eta zorrotzenetako bat, bai energia-kontsumoari dagokionez, bai sargaiei dagokienez. SOSTWINE24 ekimenak upategian erabakiak hartzea erraztuko duen kontrol-sistema adimendun bat proposatu du. Desbideratzeak aldez aurretik detektatu eta baliabideak optimizatuko ditu kontrol-sistema horrek. Gainera, teknologia horrek energia-eraginkortasuna areagotzen eta sektorearen ingurumen-inpaktua murrizten lagunduko duela espero da.
TECNALIAk sustatzaile teknologiko gisa parte hartu du I+G proiektu horretan. Ekimen aitzindari horrek, teknologia jasangarri, eraginkor eta ez-inbaditzaileak baliatuta, hartzidura alkoholikoaren prozesua kontrolatzeko metodologia irauli nahi du mahastizaintzaren eta ardogintzaren industrian.
Proiektuaren helburua da intentsitate baxuko ultrasoinuak eta prozesatze-sistema aurreratuak oinarri dituen tresna integral bat garatzea. Intranox enpresak koordinatzen du proiektua, eta Enkoa System, The White Team Consulting, Adegas Valmiñor eta Bodegas Pradorey enpresek kolaboratze-lanetan dihardute.
Soluzio horrek aukera emango du hartzidura-prozesua denbora errealean eta produktuari erasan gabe monitorizatzeko; horrela, ardoaren kalitatea bermatuko da, eta elikagaien segurtasuna areagotuko.
Ultrasoinuetan oinarritutako soluzio berritzailea
Hartzidura alkoholikoa funtsezko prozesua da ardoa egiteko; izan ere, haren bidez, muztioaren azukreak alkohol bihurtzen dira, bai eta azken produktuaren profil sentsoriala zehatzen duten konposatu aromatiko ere. Hartzidura behar bezala kudeatzea funtsezkoa da ardoaren kalitatea, egonkortasuna eta ezaugarri organoleptikoak bermatzeko. Alabaina, prozesu konplexua da, eta azkar batean aldatu daitezkeen faktore fisiko eta kimiko ugarik baldintzatzen dute.
- TECNALIAk garatutako teknologiak ultrasoinuetan eta datuen analisi aurreratuan oinarritutako soluzio berritzailea eskaintzen du. Haren bidez, hartziduraren bilakaera denbora errealean eta modu ez-inbaditzailean monitoriza daiteke. Jarraipen-gaitasun adimendun horrek erraztu egiten du upategian erabakiak hartzea, desbideratzeei aurrea hartzea ahalbidetzen du, eta ekoizpena eraginkorragoa, seguruagoa eta jasangarriagoa izan dadin laguntzen du.
- TECNALIAk nekazaritzako elikagaien sektoreari aplikatutako berrikuntzarekin duen konpromisoa berretsi du, mahastizaintza- eta ardogintza-industriaren lehiakortasuna, jasangarritasuna eta kalitatea bultzatzen duten soluzio teknologikoen alde egin duen apustuarekin.
Hartzidurako parametro sentikorrak
TECNALIA lankidetza estuan ari da Intranox, Enkoa eta The White Team Consulting erakundeekin hartzitze-prozesuaren ekipamendua eta monitorizazioa diseinatzeko eta garatzeko. Horrez gain, elkarlanean dihardu Valmiñor eta Paradorey upategiekin, sistema berria haien instalazioetan balioztatzeko, ekipamenduaren muntaketa egokitua eta hartzidura-prozesuaren monitorizazio- eta iragarpen-sistemaren inplementazioa barne hartuta.
- TECNALIAk datu ultrasonikoak hartu eta erregistratuko ditu, eta laginak egunero bilduko ditu laborategian funtsezko parametroak aztertzeko, hala nola dentsitatea eta Brix graduak.
- Halaber, aurreko faseetan lortutako seinaleen aurretiazko tratamendua eta analisia egingo du. Analisiak korrelazioan jarriko ditu intereseko parametro enologikoak, batetik, eta ingurune errealeko hartzitze-prozesuan saldaren bilakaera monitorizatzen duten seinale ultrasonikoak, bestetik.
SOSTWINE24 ekimenak sektorean funtsezkoak diren erakunde hauen babesa du, besteak beste: Ardoaren Espainiako Federazioa (FEV), Espainiako Ardoaren Lanbidearteko Erakundea (OIVE), Ardoaren Plataforma Teknologikoa (PTV), Galiziako Elikagaien Klusterra (CLUSAGA) eta Vitartis.
* CDTI Innovación erakundearen laguntzarekin, Next Generation EU funtsen bidez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Laborategiko ikerketaren hasierako fasea gauzatu ondoren, parte hartzen duten upeltegietako ingurune simulatuetan baliozkotuko dira garapenak.
