Berria

    Azpiegitura zibilen mantentze-lanetarako teknologia digitalak

    2025ko irailaren 17a

    Sensórica inteligente para infraestructuras

    "Sentsore aurreratuak garatzen ditugu, azpiegitura zibilak monitorizatzeko"

    Azpiegitura zibilen mantentze-lanak egiteko teknologia digitalak

    Berriki gertatu diren hondamendi batzuek, hala nola Genoako Morandi zubiaren kolapsoak, agerian utzi dute kritikoa dela Europako azpiegitura zibil askoren egoera. Azpiegitura zibilak aldizka ikuskatzea funtsezkoa da azpiegitura horien egoera ebaluatzeko, mantentze-lanak eta konponketak bideratzeko eta haien balio-bizitza luzatzeko.

    Egungo ikuskapenak garestiak dira, denbora eta baliabide handiak eskatzen dituzte eta langileen segurtasunerako eta osasunerako arrisku nabarmena dute. Baldintza horiek guztiak kontuan hartuta, beharrezkoa da irtenbide digital berritzaile, seguru eta errentagarri bat garatzea, errazagoa izan dadin azpiegitura zibilak ikuskatzearen, mantentzearen eta konpontzearen inguruko kudeaketa eta erabakiak hartzea.

    Teknologia digitalak eta giza faktorea

    TECNALIAn SARAH ekimena lantzen ari gara. Europa mailako proiektu horrek gizakia du ardatz eta metabertsoa, errealitate areagotua, biki digitala eta monitorizazio aurreratua teknologiak baliatzen ditu. SARAH ekimenak ahaldundu egiten ditu azpiegituren gainbegiraleak eta haietan esku hartzen duten langileak: laguntza ematen die denbora errealean, haien trebetasunen garapena sustatzen du eta laneko segurtasuna eta osasuna hobetzen du.

    Teknologia digitaletan eta giza faktoreetan oinarritutako soluzio horrek berrikuntza dakar azpiegitura zibilak ikuskatzeko, mantentzeko eta konpontzeko, eta funtzionalitate hauek ditu:

    • Azpiegitura zibilen arazoak azkar identifikatzen ditu, era errentagarri eta seguruan, in situ ipinitako sentsore berritzaileei esker.
    • Azkar eta doitasunez ebaluatzen ditu konpontzeko beharrak, azpiegituraren biki digital baten bidez —denbora errealean exekutatzeko gai dena—, eta esku-hartze lehenetsi eta egokiak proposatzen ditu, arriskuen ebaluazioa kontuan hartuta —erabakiak hartzen laguntzen duen motor informatiko bat erabiliz—.
    • Egin beharreko ikuskapenak antolatzen ditu, eta langileei laguntza ematen die urrutitik.
    • Esku hartu eta konponketak egin ondoren, ikuskapenaren azken txostena entregatzen du, AA sortzailearen bidez egina.

    Sentsore aurreratuak eta AA, azpiegitura zibilak monitorizatzeko

    TECNALIAn, arazo konplexuak ebazteko bidea hartu dugu. Horretarako, monitorizazio-soluzioak garatzen ditugu, ondasunen kudeaketa optimizatzeko. Proiektu konplexu horretan, gure ahalegina azpiegitura zibilak monitorizatzeko sentsore aurreratuak garatzean datza, zeinen oinarria baita ultrasoinuen teknologia eta material aurreratuak (adibidez, buckypaperak) erabiltzea.

    Halaber, SARAH sistemako AAn oinarritutako zenbait modulu garatzen ari gara lankidetzan, lan hauetan laguntzeko: ikuskapen- eta mantentze-lehentasunei buruzko erabakiak hartzea, emaitzak interpretatzea eta ikuskapen-txostenak egitea.

    SARAH proiektua Energia atomikoaren eta energia alternatiboen Frantziako batzordeak gidatzen du. Aldi berean, partzuergoko kide dira garapen aeroespazialerako Andaluziako Fundazioa, Ferrovial, Italiako Normalizazio Erakundea, Matz-Erreka, Tyoterveyslaitos, Quas Quasset BV, Armengaud Innovate GMBH eta Poma.