Sistemak paper-fabrikako kogenerazio-instalazioaren hondar-beroa hartzen du (85-90 °C-tan egoten da, gutxi gorabehera), eta, beroa errebalorizatuz, 165 °C-tan dagoen lurruna sortzen du.
TECNALIAk honako lau erakunde hauekin lankidetzan dihardu: Italiako Cartiere di Guarcino paper-fabrika, BS Nova fabrikatzailea, Cannon Bono Energia eta TU Berlin; helburua da industrian probatzea lurruna sortzeko sistema berri bat, xurgapen bidezko bero-transformadore batean oinarritua
Industria deskarbonizatzeko, funtsezkoa da energia-efizientzia hobetzea hondar-beroaren errebalorizazioaren bidez. Zehazki, tenperatura handiko bero-ponparen teknologiak erabiltzeko potentzial handia identifikatu da elikagaien industrian, papergintzan eta industria kimiko eta farmazeutikoan.
Erakuslea Italiako paper-fabrika batean
TECNALIA, industria-sektore horien beharrei erantzuteko, beroa errebalorizatzeko teknologiak garatzeko elkarlanean ari da, lurruna sortzeari lotuta, bereziki; Push2Heat ekimenaren esparruan ari dira lanean.
Horrela, TECNALIA da buru Italiako Cartiere di Guarcinoren paper-fabrikan egiten ari diren erakuslea fabrikatzeko lanean. Instalazioaren baldintzak aztertu eta definitu ondoren, planifikazio- eta ingeniaritza-fasearekin jarraitu da, eta xurgapen bidezko bero-transformadore berria fabrikatu da (AHT: Absorption Heat Transformer) bai eta lurruna sortzeko modulua ere (SGM: Steam Generation Module).
Lurrunaren erabilera oso hedatuta dago industriako prozesu askotan, eta zenbait sektoretan erabiltzen da, helburu ugaritarako. Lurruna sor dezaketen HUT (Heat Upgrade Technologies) teknologien garapenak industria deskarbonizatzen lagundu dezake.
Xurgapen bidezko bero-ponparen eta lurruna sortzeko sistema baten konbinazioa
Alderdi horretatik, xurgapen bidezko bero-ponparen teknologia eta lurruna sortzeko sistema bat konbinatzen ditu erakusleak.
- Sistemak paper-fabrikako kogenerazio-instalazioaren hondar-beroa hartzen du (85-90 °C-tan egoten da, gutxi gorabehera), eta, beroa errebalorizatuz, 165 °C-tan dagoen lurruna sortzen du.
- Xurgapen bidezko bero-transformadorearen abantaila da termikoki eragindako bero ponpa bat dela, eta, beraz, biziki kontsumo elektriko txikikoa. Hori interesgarria da tenperatura ertaineko hondar-bero kantitate handiak ditugunean, eta tenperatura handiagoan errebalorizatutako bero beharra dugunean.
Garatutako ekipamenduak Italiara eraman ziren eta lantegian txertatu ziren. Gaur egun, instalazioa martxan jartzen ari dira; horretarako, bazkide teknologikoen, ingeniaritzaren eta lantegiaren beraren arteko ahaleginak koordinatzen ari dira.
Martxan jarri ondoren, lehenengo errendimendu-probak egingo dira.