"Energiaren sektoreko profesionalei zuzendutako ikastaro honen lehen edizioa 2025eko urrian hasiko da"
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin (EIB/BIE) bat egin dugu "Deskarbonizazio industriala" ikastaroaren lehenengo edizioa abian jartzeko
Prestakuntza hori energiaren sektoreko profesionalei zuzendua dago, eta alderdi hauek sakontzen ditu: teknologia efizienteagoen erabilera, energia-iturri berriztagarrietaranzko trantsizioa eta jardunbide jasangarrien inplementazioa. Enpresa industrialei soluzioak hurbiltzea ere badu helburu ikastaroak, prozesu adimendun, malgu eta jasangarrien bidez lehiakortasuna irabaz dezaten.
- Aditu-ikastaroa Bilboko Ingeniaritza Eskolan (BIE) emango da, urriaren 13an hasita. Zortzi hilabeteko iraupena izango du, eta eskolak astean bi egunetan izango dira: astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 20:00etara.
- Industriaren deskarbonizazioa berariaz lantzen duen ikastaro horren bidez, beste urrats bat egin da TECNALIAren eta EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolaren arteko lankidetzan. Lankidetza horren helburua da energia sortzeko eta kudeatzeko talentua sustatzea, jasangarritasunaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren printzipioei jarraikiz.
- Ikastaroaren zuzendaritza akademikoa Natalia Alegría Gutiérrez irakasleak hartuko du bere gain, BIEko Graduondoko Ikasketen Antolamenduko zuzendariordeak.
TECNALIA, deskarbonizazioarekin konprometitua
Prestakuntza horrekin, TECNALIAk beste pauso bat eman du deskarbonizazioarekin duen konpromisoan; kasu honetan, sektoreko profesionalen talentua eta espezializazioa bultzatu nahi ditu.
Tecnaliak, gaur egun, gizarteari jardunbide eta teknologia jasangarriak helarazteko egiten dituen ekintzak The Power of Zero ekimenean biltzen ditu. Ekimen horrek garrantzi handia ematen dio enpresekin eta administrazioekin lankidetzan aritzeari, etorkizun jasangarria eta deskarbonizatua lortze aldera.