Berria

    Eguzki-jarraitzaile fotovoltaikoen motorretan akatsak prebenitzen eta analizatzen ditugu

    2024ko urriaren 25a

    Prevenimos y analizamos fallos en motores de seguidores solares fotovoltaicos

    "Gure elektrizitate- eta mugikortasun-laborategien arteko diziplina anitzeko trebetasunen eta ezagutzaren konbinazioak hobetu egiten du akats konplexuen aurrean erantzuteko gaitasuna”

    Parke fotovoltaikoetan instalatutako eguzki-jarraitzaileen motorretan akatsak analizatzen eta prebenitzen ditugu

    TECNALIAk akatsak identifikatu eta ebaluatu ditu 50 MW-eko parke fotovoltaiko batean instalatutako eguzki-jarraitzaileen motorretan. Gailu horiei esker, panelak egunean zehar orientazioa doitzeko gai dira, ahalik eta eguzki-argi gehien hartzeko, eta, horrela, energia-sorkuntza optimizatzeko.

    Motorrek gaizki funtzionatzen badute, sistemaren efizientzia murrizten da, eta, gainera, arazoari garaiz heltzen ez bazaio, galera ekonomiko handiak eragin ditzake horrek.

    Ikuspegi kolaboratibo eta tekniko sakona, mugikortasun-laborategien eta laborategi elektrikoaren bidez

    Gure elektrizitate-adituek identifikatu zuten arazoaren jatorria izan zitekeela kontrol elektrikoko sistemaren kontsumoen kalkulu oker bat —sistema horren egitekoa da egurats gorrian dauden eguzki-jarraitzaileen mugimendua erregulatzea—. Hiru etapatan egin zen analisia:

    • Mugikortasun-laborategiko saiakuntza-bankada erabiliz, motor elektrikoaren kontsumoa eta indar-parea
      ezaugarritu ziren.
    • Eguzki-jarraitzailearen mugimendu naturalean korrontea erregistratuz, landa-kontsumoko diagnostiko bat egin zen.
    • Azkenik, motorren barne-ebaluazioa egin zen, balizko narriadura mekanikoak detektatzeko.

    Emaitza tekniko zehatzak

    Mugikortasun-laborategiko adituek ezagutza aurreratua dute korronte zuzeneko motorrei buruz. Haien lankidetza funtsezkoa izan zen elektrizitate-kontsumoaren eta indar-parearen ezaugarriak doitasunez zehazteko, askotariko baldintzetan, haize desegokia barne. Saiakuntza horiek erakutsi zuten zehaztutakoa baino korronte handiagoa kontsumitzen zuela motorrak, eta neurtutako indar-parea, berriz, zehaztapen teknikoetan adierazitakoa baino txikiagoa zela.

    Ikerketa osatzeko, wattmetroekin neurketak egin genituen in situ, eta benetako kontsumoak erregistratu, eguzki-jarraitzaileen funtzionamendu naturalean zehar.

    Epe luzeko emaitzak eta onurak

    Ikuspegi integrala bermatzen du TECNALIAren elektrizitate- eta mugikortasun-laborategien arteko diziplina anitzeko trebetasunen eta ezagutzaren konbinazioak. Horrek akats konplexuen aurrean erantzuteko gaitasuna hobetzen du eta bezeroei balio erantsia ematen die, soluzio sendoak eta iraunkorrak ematen baititu.