Berria

Ekonomia zirkularra: gizarte jasangarriago baterantz

2023ko maiatzaren 5a
dialogos-economia-circularar.

“Gure bazkide nagusiekin eta bezero handiekin ekonomia zirkularrari buruzko ikuspegi bateratuak eraikitzen ditugu”

Ekonomia zirkularraren paradigmari esker, gizartea jasangarriagoa, lehiakorragoa, deskarbonizatuagoa eta baliabide-erabileran efizienteagoa izatea lortuko dugu.

TECNALIAk topaketa bat egin du bere bazkide eta bezero handien talde txiki batekin. Saio horretan, eztabaidako erreferente izan da Luis Lehmann aholkularia, irakaslea eta ekonomia zirkularretik abiatuta garapen ekonomiko jasangarria sustatzeko edukien sortzailea.

Lehmannek hamarkada batetik gora darama kudeaketa publikoari eta ingurumenari loturiko gaietan, zenbait postu exekutibotan lan egin du, eta nazioarteko zenbait erakunderekin jardun du, hala nola Garapenerako Banku Interamerikarrarekin, Nazio Batuen Garapenerako Programarekin eta Alemaniako Nazioarteko Lankidetza Agentziarekin.

Topaketan, Acciona, Alba, Belako Lanak, Cementos Lemona, FCC, Grupo Etxeberria, Nortegas, Viuda de Sainz eta Zabalgarbi enpresetako goi-kargudun batzuek parte hartu zuten. Bertaratutakoak bat etorri ziren maila handiko eztabaida izan zela, eta enpresen artean ekonomia zirkularrari buruzko ikuspegi bateratua eraikitzeko balio izan zuela.

Ekoizpen- eta kontsumo-eredu berria

Gure gizarteak ekoizpen- eta kontsumo-eredu berri bat garatzeko erronka handiari aurre egin behar dio. Eredu horretan, produktuen, materialen eta baliabideen balioa ahalik eta denbora luzeenean mantenduko da ekonomian, hondakinen sorrera ahalik eta gehien murriztuko da eta ahalik eta gehien aprobetxatuko dira saihestu ezin direnak.

Horrek guztiak asmo handiko erronkak ekartzen dizkiete gure ekonomiako balio-kate ugaritako eragileei, eta negozio-aukera handia eskaintzen du ekodiseinuaren, berrerabilpenaren, birziklatzearen, balorizazioaren eta teknologiaren esparruetan.