"Ekimenak hamaika euskal enpresa biltzen ditu, eta industriaren deskarbonizazioaren erronka nagusietako bati heltzen dio"
H2SKID ekimenaren helburua da 1,25 MW-eko elektrolizagailu eramangarri esperimental bat diseinatzea eta eraikitzea, industriako erabiltzaileak, azpiegitura finkorik behar izan gabe, hidrogeno berdez hornitzeko
Ekimena Sarrallek koordinatzen du eta hamaika euskal enpresa biltzen ditu. Industria deskarbonizatzearen erronka nagusietako bati heltzen dio: hidrogeno berriztagarri nahikoa izatea saiakuntzak eragiketa-baldintza errealetan egiteko.
Siderurgiaren, galdaketaren, zementuaren eta beiraren sektoreetan, gero eta handiagoa da gas naturalaren alternatibak topatzeko beharra.
- H2SKIDek plug & play soluzio bat proposatzen du, bi modulutan kontainerizatua: bata, hidrogenoa ekoizteko, eta, bestea, hura konprimatzeko eta metatzeko —azken soluzio horrek erraztu egiten du zuzenean lantegian saiakuntza-kanpaina luzeak egitea—.
- Hala, hidrogenoz elikatutako ekipamendu industrialak baliozkotu daitezke tenperatura handiko aplikazioetarako, eta, era horretan, hodi bidezko hornidura-sareen egungo gabezia gainditzeko aukera sortzen da.
Elektrolizagailu eramangarria industria-ingurune erreal batean baliozkotuko da; zehazki, ArcelorMittalek Sestaon dituen instalazioetan. Han, berotze-prozesu zorrotzetan duen efikazia ebaluatuko da, hala nola koilara aurrez berotzeko erregailuetan eta tunel-labean. Gainera, tokiko balio-kate baten garapena bultzatuko du ekimenak, honako hauek oinarri hartuta: elektrolizagailuaren osagai kritikoak, potentzia-elektronika eta elektrolizagailuari dagozkion konpresio- eta metatze-sistemak.
H2SKID partzuergoa
TECNALIAk ZTBESeko agente gisa hartzen du parte H2SKIDen. Bere ezagutza teknologikoaz baliatuz, honako gai hauen ikerketan sakontzen du: elektrolizagailuaren osagai giltzarriak, haren sistema osagarriak eta haren kontrola eta eragiketa.
- Teknologia horien efizientzia, fidagarritasuna eta txertatze segurua hobetzen laguntzen du. Horri esker, ingurune errealetan baliozkotzea errazten du, eta euskal industrian hidrogeno berdearen ezarpena bizkortzen.
- Ekarpen horrek indartu egingo du trantsizio energetikoa bultzatzen duten eta industria-sarearen lehiakortasuna indartzen duten soluzioekin dugun konpromisoa.
H2SKID ikerketa industrialeko lankidetza-proiektu bat da, zeinean erakunde hauek hartzen baitute parte: Sarralle (koordinatzailea), ABC Compresores, ArcelorMittal Sestao, Matz-Erreka, Flubetech Coatings, Mugape, Sener, Team Group, Torraval Cooling, Tubos Reunidos Group, Zigor Corporación eta TECNALIA. Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak diruz laguntzen du, HAZITEK programaren bidez.
