Elikagai-hondakinak bioplastiko bihurtzen ditugu

    2026ko otsailaren 16a

    Convertimos residuos alimentarios en bioplásticos

    "Elikagai-hondakin organikoak bioplastiko biodegradagarrietarako konposatu bihurtzen ditugu”

    Elikagai-hondakinaren balorizazioa: bioplastiko biodegradagarrietarantz

    TECNALIA AHOBAE proiektuan parte hartzen ari da. Proiektu horrek soluzio teknologiko bat proposatzen du azpiproduktu organikoak balorizatzeko eta kate laburreko gantz-azido bihurtzeko, zuzendutako hartzidura anaerobikoko produktuen bidez. Lortutako konposatuak lehengai gisa erabil daitezke bioplastiko biodegradagarrizko produktuetarako, hala nola PHBa.

    "Denbora errealeko sentsoreak eta adimen artifizialeko tresnak erabiltzeak ahalbidetuko du prozesua optimizatzea eta berotegi-efektuko gasen emisioak % 45 murriztea eta ur-kontsumoa % 40", azaldu du Thomas Dietrich TECNALIAko Elikadura Osasungarriko ikertzaileak.

    AHOBAEren helburuetako bat da hori: giza kontsumorako desegokiak diren elikagai-hondakinak balorizatzea eta balio erantsi handiko produktu bihurtzea —esate baterako,bioplastiko biodegradagarriak—.

    • Elikagai-hondakinak dira ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-erronka nagusietako bat maila globalean. Kalkuluen arabera, giza kontsumorako ekoitzitako elikagaien heren bat inguru alferrik galtzen da balio-katean zehar, eta horrek ondorio ugari ditu: ingurumen-inpaktu handiak, berotegi-efektuko gasen emisioak eta baliabide naturalen —adibidez, ura eta energia— erabilera ez-efizientea.
    • Euskadin, erronka horrek zuzenean eragiten die funtsezko sektoreei, hala nola banaketari, sukaldaritzari eta nekazaritzako elikagaien industriari, zeinetan soberakinek eta azpiproduktuek ez baitute beti aurkitzen aprobetxamendurako bide eraginkorrik.

    Hurrengo aurrerapenetarako oinarriak ezartzen

    Denbora horretan, AHOBAEk mugarri garrantzitsuak lortu ditu; besteak beste, azpiproduktu organikoak kudeatzeko ibilbideak definitzea, haiek balorizatzeko protokoloak zehaztea eta ekoitzi beharreko PHBaren helburu-ezaugarriak zehaztea. Horrela, baliozkotze eta eskalatze industrialeko hurrengo faseetarako oinarriak ezarri ditu.

    Aurreikuspenen arabera, lortutako emaitzek aurrerapen nabarmena ekarriko dute ohiko ereduekin alderatuta —konpostajea eta digestio anaerobiko konbentzionala, adibidez—, balio-kate itxiak sortzen dituztelako, karbono-aztarna murrizten dutelako eta industriaren lehiakortasuna hobetzen dutelako.

    Proiektua bat dator RIS3 Euskadiren bioekonomia-atalarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin, bereziki 12. GJHarekin (ekoizpen eta kontsumo arduratsuari buruzkoa), eta ekarpena egiten du euskal industria hondakinak balorizatzeko soluzio aurreratuetan erreferentzia gisa kokatzeko bidean.

    AHOBAE HAZITEK proiektua SPRIk finantzatzen du, eta Agaleus du buru. Honako hauek dira partaideak: Eroski, banaketaren arloko azpiproduktuen sortzaile eta emaitzen eskalagarritasunaren bideratzaile gisa; Saizarlan, lortutako bitartekariak balio erantsi handiko bioplastiko bihurtzearen arduraduna; The Whiteteam Consulting (TWT), adimen artifizialaren eta datuen zientziaren bidez prozesuak optimizatzen dituena; eta Zermik ingeniaritza, sentsorika aurreratuan eta prozesuen monitorizazioan espezializatua. Gainera, TECNALIAk Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragile gisa hartzen du parte, eta Leytonek proiektuaren kudeaketa babesten du.