«ORE4CITIZENS ekimenak Energiaren Sektoreko Talentuaren Ekimen Onenaren saria jaso du»
ORE4CITIZENS ekimenak saria jaso du bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeagatik eta herritarrak, zientzia eta energia berriztagarriak elkarrengana hurbiltzen laguntzeagatik
ORE4CITIZENS ekimenak Energiaren Sektoreko Talentuaren Ekimen Onenaren saria jaso du El Periódico de la Energía egunkariak antolatutako La Noche de la Energía ekitaldiaren 2026ko edizioan. Aintzatespen horrek balioa ematen dio proiektuari; izan ere, energia berriztagarriak herritarrengana hurbiltzen ditu, bokazio zientifiko-teknologiko berriak sustatzen ditu eta itsas energia berriztagarriek trantsizio energetikoan duten eginkizunari buruzko ezagutza bultzatzen du.
Abian jarri zenetik, ORE4CITIZENS ekimenak ikerketa, berrikuntza eta energiaren sektorea gizartera hurbiltzeko lan egin du, belaunaldi berriei arreta berezia eskainiz. Dibulgazio-jardueren, tailerren, profesionalekin egindako topaketen eta parte-hartze ekintzen bidez, proiektuak zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa piztu nahi du gaztetxoen artean, eta trantsizio energetiko inklusiboagoa sustatu nahi du.
ORE4CITIZENS inpaktua
Ekitaldian, ORE4CITIZENSek zientzia, industria eta herritarrak konektatzeko duen gaitasuna nabarmendu zen. Ekimenean 18.000 ikasle baino gehiago inplikatu dira, eta itsas energia berriztagarriei eta erronka klimatikoari lotutako talentua sustatzeko erreferente bihurtu da.
Aintzatespen hori TECNALIAk, EHUk, BCAMek eta Euskampusek elkarrekin egindako lanaren emaitza da, baita jarduera guztietara batu diren 20 enpresa eta erakunde laguntzaile baino gehiagoren ekarpenarena ere.
TECNALIArentzat, sari hau bultzada bat da berrikuntza eta gizartea lotzen dituzten, STEM bokazioak sustatzen dituzten eta datozen hamarkadetako trantsizio energetikoa gidatuko duten pertsonak prestatzen laguntzeko ekimenak garatzen jarraitzeko.
Berrikuntza energetikoa
Gainera, TECNALIA, Vicinay Marinerekin batera, hiru finalistetako bat izan da La Noche de la Energía ekitaldiko Berrikuntza Energetikoko Ekimen Onenaren sarietan, itsas zabaleko azpiegitura kritikoetarako korrosioa monitorizatzen duen sistema adimendunari esker.
Soluzio horren helburua da azpiegituren osotasuna bermatzea, arrisku operatiboak murriztea eta mantentze-estrategiak optimizatzea.
