"Itsasoko energia eolikoaren sektorerako funtsezkoak diren teknologiak baliozkotzen ditugu"
Itsasoko energia eolikoa, material jasangarriagoak, babes-teknologia aurreratuak eta monitorizazio-sistema adimendunak baliatuz
HAIZEEKO ekimenaren helburua da offshore sistema eraginkorragoak, jasangarriagoak eta lehiakorragoak fabrikatzea ahalbidetuko duten soluzio teknologikoak garatzea. Horretarako, itsas aerosorgailuen funtsezko bi elementu hauetan jarriko du arreta: palak —horien diseinuak eta materialek arintasuna, erresistentzia eta birziklagarritasuna eskaini behar baitituzte—, eta dorreak eta egiturak —muturreko korrosio-, inpaktu- eta neke-baldintzen pean baitaude—.
Offshore sektoreak dituen erronka handiei heltzen die proiektuak. Besteak beste, hauek dira erronkak:
- Muturreko ingurumen-baldintzak: hezetasuna, gazitasuna, izotza, biofoulinga eta karga dinamikoak.
- Egungo estaldurek korrosioari eta urradurei aurre egiteko dituzten mugak.
- Mantentze-lanen kostu handia, itsas zabaleko esku-hartzeen konplexutasuna dela eta.
- Ez da erraza erabiltzen diren materialen birziklagarritasuna, jasangarritasuna eta iraunkortasuna bermatzea.
Berrikuntzako hiru ardatz teknologiko
1) Jasangarritasuna.
- Palak eraikitzeko material birziklagarriak garatzea.
- Korrosioaren aurkako zeramikazko estaldura berriak, itsas inguruneko muturreko baldintzei aurre egiteko propietate hobetuak dituztenak.
- Offshore azpiegitura eolikoen ingurumen-inpaktua murriztea.
2) Efizientzia energetikoa.
- Palen ekodiseinua eta aerodinamika hobetzea.
- Aerosorgailuen errendimendu operatiboa optimizatzea, diseinu aurreratuaren eta egiturazko analisiaren bidez.
3) Iraunkortasuna eta mantentze-lanak.
- Egitura monitorizatzeko teknologia aurreratuak, hala nola ultrasoinuak eta sistema txertatuak.
- Mantentze-lanetarako eredu prediktiboak garatzea.
- Korrosioaren eta izotzaren aurkako propietateak dituzten eta higadurarekiko eta nekearekiko erresistentzia handiagoa duten estaldura aurreratuak.
Itsasoko energia eolikoaren sektorerako funtsezko teknologiak garatzea eta baliozkotzea
TECNALIAk, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) agente den aldetik, funtsezko zeregina betetzen du itsasoko energia eolikoaren sektorerako funtsezko teknologiak garatzen eta baliozkotzen. Lankidetza estuan dihardu KERA‑COAT enpresarekin, zeramikazko estaldura aurreratuen esparruan, helburu hauek lortzeko:
- prestazio handiko zeramika-estaldura berriak garatzea eta ezaugarritzea.
- teknologia berritzaileak definitzea eta optimizatzea, haiek aplikatu eta finkatzeko.
- estalduraren itsaspena, dentsifikazioa eta iraunkortasuna areagotzen duten tratamendu termikoko prozesu hibridoak ikertzea.
- offshore inguruneetarako berariazkoak diren korrosio-kontrako estaldurak baliozkotzea.
Lankidetza horri esker, korrosioaren, erosioaren eta higaduraren kontrako gaitasun hobeak dituztenbelaunaldi berriko zeramikazko estaldurak bultzatzen ditugu, muturreko baldintzek materialetan eragiten duten narriadura baita sektorearen erronka garrantzitsuenetako bat.
HAIZEEKO elkarlanean oinarritutako ikerketa-proiektu bat da, NAVACEL enpresak koordinatua. Proiektu horretan, partaide dira ARGOLABE INGENIERÍA, EKIMEN, ERAMAN, GLOBAL FACTOR, INNOMAT, INNOVATION TREE, KERA – COAT eta MANDIOLA enpresak, eta laguntza teknologikoa eskaintzen dute CIDETEC Surface Engineering-ek eta TECNALIAk. Basque Energy Clusterek ere lankidetzan dihardu.
Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren HAZITEK 2025 programaren finantzazioa jaso du, bai eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) laguntza ere.
