Berria

Erresilientzia klimatikoko politikak Europan

2022ko azaroaren 10a
Cambio climatico en Europa

TECNALIAk “Climate Update” txostena prestatu du, zeina Europan erresilientzia klimatikoko eskualde-politikak gauzatzeko abiapuntu ona izango baita.

Europan, batez besteko tenperatura gradu-erdi igo zen 2021ean, 1981 eta 2010 bitarteko batezbestekoarekin alderatuta, Lurrari behatzeko Europar Batasuneko Copernicus programak emaniko datuen arabera

Larrialdi klimatikoko egoera horren aurrean, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) ondotxo daki zer-nolako ondorio negatiboak dituen gizakiok erreakziorik ez izateak. Hori dela eta, azterlan xehatuak lantzen ari dira eskualde mailan eta toki mailan, agertoki posibleak kontuan hartzeko eta, hala, inpaktu-azterketa egokiak egin ahal izateko.

"Climate Update" txostena

Ildo horretan, eta Europako ESPON proiektuaren barruan, TECNALIAk “Climate Update” txostena prestatu du, zeina abiapuntu ona izango baita Europan erresilientzia klimatikoa bultzatuko duten eskualde-politikak gauzatzeko.

TECNALIAko Klima Aldaketara Egokitzeko Lantaldeak egin du txostena, Efrén Feliu adituak gidaturik, eta lagungarria izango da ulertzeko zer eragin izango duen klima-aldaketak Europako eskualdeen lehiakortasunean eta kohesioan, baita Europa osoarenean ere.

Txostenak datu eta adierazle eguneratuak jasotzen ditu: Europako eskualdeek klima-aldaketarekiko duten esposizioa, sentikortasuna eta inpaktu potentzial erantsia, bai eta eskualdeok klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko duten gaitasuna eta fenomeno horrekiko kalteberatasuna ere. Egun abian diren politikak oinarri harturik aztertuko dira eguneratutako datuak eta haien ondorio diren mapak, eta gako-oharrak emateko interpretatuko dira, politikak formulatzeaz arduratzen direnentzat egokituta.

Txostenaren eguneratze horrek ESPON CLIMATE jatorrizko proiektuarekiko trazagarritasunari eusten dio. Era berean, lerrokaturik dago klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko Europako estrategia berriko beste ekimen giltzarri batzuekin, hala nola JRC PESETA IV, European Climate Data Explorer edo Copernicusen Klima Aldaketari aurre egiteko Zerbitzuaren Climate Data Storerekin.

Txostena eta mapak eskuratzeko: