"TECNALIAk datuak uztartzeko teknika berritzaileak garatuko ditu, espazio-ebazpenak kudeatzeko"
UNDERPIN ekimenaren helburua da Europan erresilientzia klimatikoa ebaluatzeko modua hobetzea, horretarako inpaktu-adierazleetan oinarritutako segimendu-, ebaluazio- eta ikaskuntza-esparru (MEL) sendo bat garatuz
Datozen lau urteetan, UNDERPINek klima-egokitzapenaren arloko erronka nagusietako bati helduko dio, hau da, egokitzapen-ekintzen benetako emaitzak modu eraginkorrean neurtzeko adierazle estandarizatuen faltari. Gaur egungo esparruak prozesuetan eta ekintzetan zentratu ohi dira, eta ez dute epe luzeko eraginaren ikuspegi argirik eskaintzen.
UNDERPINek arrakala hori itxi nahi du, Europa mailako analisiak eta eskualde-ekarpenak konbinatuko dituen ikuspegi integratu baten bidez.
MEL esparrua operazionalizatzeko garapen zientifikoa
TECNALIAk eginkizun nagusi bat du: MEL esparrua operazionalizatzearen arduraduna izango da.
- Horren helburua da hainbat informazio-iturri antolatu eta harmonizatuko dituen inbentario bat sortzea.
- Ondoren, orkestazioa eta postprozesaketa landuko dira, datu-iturri horiek aldez aurretik definitutako adierazle konkretu (KPI) bihurtzeko.
- TECNALIAk datuak uztartzeko teknika berritzaileak garatuko ditu, espazio- eta denbora-ebazpen heterogeneoak kudeatzeko, hala errazagoa izango baita erabakiak hartzeko informazio garrantzitsua bateratzea.
Eskualdeko pilotuak eta ikuspegi kolaboratiboa
UNDERPINek hiru eskualde piloturekin lan egingo du: Euskal Herria, Cluj-Napoca eta Normandia. Hala, ziurtatu egingo du garatutako adierazleak garrantzitsuak, erabilgarriak eta testuinguru errealetan aplikagarriak direla. Proiektuak top-down (goitik behera) eta bottom-up (behetik gora) metodologien konbinazioa baliatuko du, eta Europako azterketa integratuko du tokiko ezagutzarekin eta lurralde bakoitzean aurretik egindako lanarekin.
Funtsezko jardueren artean, honako hauek daude:
- Esparruak eta adierazleak berrikustea eta aztertzea.
- Eskualdeko monitorizazio-sistemen mapaketa egitea.
- Datu-beharrak eta eskuragarri dauden iturriak identifikatzea.
- Eskualde bakoitzean tailer partizipatiboak egitea.
Emaitza Europako beste eskualde batzuetan erreplika daitekeen marko bat izango da, bai maila lokalean bai Europa mailan balioztatua, eta adimen artifizialak lagundutako dashboard baten laguntza ere izango du., zeinek arduradun politiko eta profesionalentzako denbora errealeko analisiak eskainiko baititu.
**HEC Parisek koordinatutako eta Horizon Europe programak finantzatutako proiektua da, eta, besteak beste, IIASAk, CMCCk eta Climate KICek parte hartzen dute.