Berria

Gorputza babesteko soluzio integral, arin eta modular bat garatzen laguntzen ari gara

2021ko maiatzaren 7a
Teselas cerámicas obtenido por fabricación aditiva

Pertsonalizazioa, modularitatea, konfort- eta ergonomia-maila handiak

CBRN detekzio-sistema bat (kimikoa, biologikoa, erradiologikoa eta nuklearra) integratua duen babes-soluzio integral, arin eta modular berri baten garapenean parte hartzen ari gara. Babes-arropa horren helburua da segurtasun-indarrak babestea aurre egin behar izaten dieten mehatxuetatik, ergonomian eta konfortean ahalik eta inpaktu negatibo txikiena eraginez.

Mehatxuen artean daude bala-inpaktuak eta CBRN mehatxuak (nuklearrak, erradiologikoak, biologikoak eta kimikoak). Gaur egun merkatuan dauden sistemek desabantailak dituzte: pisua (desabantaila nagusia), malgutasun-falta eta diseinu-gabeziak (anatomia guztiak ez direlako berdinak).

VESTLIFE proiektuaren esparruan garatutako soluzioak estaldura-eremu handiagoa du, erosotasuna mantentzen du, eta, gainera, pisua eta ergonomia murrizten ditu. Hala, babesaren eta erosotasunaren arteko oreka ezin hobea bermatzen da. Babesa mehatxu-mailaren arabera egokitzen da: mehatxu txiki eta ertainetan, panel polimeriko malguak eta zurrunak dira soluzioen oinarria, eta, mehatxu handienetan, zeramika-polimero sistema konposatuak.

Zeramika eta euskarri polimerikoa

Zeramika garatzen eta zeramika hori euskarri polimerikoan integratzen aritu da TECNALIA. Zeramika fabrikatzeko, 3Dn sinterizatzeko eta inprimatzeko prozesuakerabiltzen dira. Babes-sistema boro karburoan (B4C) oinarritzen da; soluzio komertzialak baino askoz ere arinagoa da, bere dentsitatea beste soluzioenaren erdia delako. Zeramika-xaflak 3Dn inprimatuz lortzen dira, eta, hala, soluzioa pertsonalizatua eta modularra izan daiteke. Horri esker, konfort eta ergonomia handiak lortzen dira.

Horretaz gainera, beste elementu batzuk aukeratzen laguntzen ari gara: xafla zeramikoaren oinarria den euskarri polimerikoa (backinga), zeramika babes-sisteman integratzeko itsasgarri egokiena, eta amaierako kapsulaketarako materialak eta metodoak. Horrenbestez, babes-sistema osoa ekoizten dugu.

Prozesu berria low-cost denez, babes-sistemaren erabilerak gaur egun prezioaren ondorioz dituen mugak eraisten dira, eta erabilera areagotzen. Zeramikak 3Dn inprimatuz, diseinu bakarrak egin daitezke, eta izugarri minimizatzen da mekanizazio-prozesua, zeina oso garestia baita, bai denboraz, bai ekonomikoki.

Informazio gehiago

Proiektu honetan, beste enpresa batzuekin lankidetzan aritu da TECNALIA, hala nola hauekin: FY Composites, Petroceramics, Brapa, Aitex eta CITEVE.