"Gure hidrogeno-laborategia indartzeko, H2TESTLAB gehitu dugu: materialak probatzeko azpiegitura berezi bat"
TECNALIAk, hidrogeno-laborategia indartzeko, H2TESTLAB gehitu du. Azpiegitura berezi bat da, materialak eta osagaiak probatzeko sortua eta hidrogeno berriztagarria sortzera, banatzera eta erabiltzera bideratua.
Hedapen hori TECNALIAren helburu honi erantzuteko egin da: hidrogenoaren balio-katean berrikuntza bizkortzea eta industria-lehiakortasuna hobetzea. Horretarako, enpresei eta industria-ekosistema osoari zerbitzu hobea eskaintzea ahalbidetuko duten gaitasun esperimental eta azpiegitura aurreratu berriak txertatzen ditu etengabe.
Belaunaldi berriko elektrolizagailuen garapena eta eskalatzea, materialen bateragarritasuna eta jasangarritasuna, metaketa, segurtasuna eta hidrogenoaren erabilera industriala dira H2TESTLABen ardatz nagusiak, eta bat egiten du laborategian eskuragarri dauden gainerako saiakuntza, baliozkotze eta frogapen teknologikorako gaitasunekin eta TECNALIAren gainerako egoitzetan dauden laborategiekin.
Azpiegitura berri horri esker, laborategiak sendotu egiten du hidrogeno berriztagarriko teknologiak garatzeko, probatzeko eta frogatzeko erreferentziazko ingurune gisa duen posizionamendua, materialen, osagaien eta sistema kritikoen analisira bideratutako ekipamendu, proba-banku eta sistema aurreratu berriak txertatuz.
H2TESTLAB ekipamendu bereziak
Proiektu honekin, hidrogeno berriztagarriko azpiegitura eta ekipamendu bereziak sortu dira TECNALIAk Donostian dituen instalazioetan. Horretarako, saiakuntza-sistema berriak diseinatu, muntatu eta abian jarri dira; besteak beste:
- AEM (anioiak trukatzeko mintz) bidezko elektrolizagailua probatzeko bankua, hidrogeno berriztagarria ekoizteko soluzio aurreratuak ebaluatzera bideratua.
- Elektrolisi-mintzak saiatzeko bankua, materialen errendimendua eta degradazioa analizatzera bideratua.
- Hauskortasuna eta materialen bateragarritasuna probatzeko bankua, hidrogenoaren eraginpean dauden osagaien segurtasuna, fidagarritasuna eta iraunkortasuna ebaluatzeko funtsezkoa.
- Hidrogeno-sentsoreen proba-bankua, detektatzeko eta monitorizatzeko teknologia kritikoak baliozkotzera bideratua
- Laborategiaren azpiegitura orokorra; hidrogeno-instalazioetarako kontrol-, segurtasun- eta aireztapen-elektronikako sistema espezifikoak ditu.
PERTE ERHA
H2TESTLAB proiektua, TECNALIAk gidatua, IDAEren PERTE ERHA deialdiko 1. programaren bidez egin da, zeinaren helburua baita hidrogeno berriztagarriaren industriako balio-katean gaitasunak, aurrerapen teknologikoak eta saiakuntza- eta/edo fabrikazio-lerroak ezartzea.
Mugarri hori hidrogeno berriztagarriaren balio-kateari laguntzeko programen barruan kokatzen da. Programa horiek berrikuntzara, ezagutza sortzera, gaitasun teknologikoen garapenera eta erakusleetara bideratuta daude, eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) barruan daude.


