"Hau da TECNALIAren parte-hartzearen oinarria: muturreko baldintzetarako diseinatutako materialetan duen esperientzia zabala"
Hidrogenoa modu seguru eta jasangarrian biltegiratzeko eta garraiatzeko soluzio berritzaileak
Euskal Autonomia Erkidegoak, ONTZHI-II proiektua martxan jarrita, pauso esanguratsua eman du etorkizun jasangarriago baterantz. Proiektu hori funtsezkoa da hidrogenoaren ekonomia garatzeko: haren helburua da hidrogenoa modu seguru, jasangarri eta efizientean biltegiratu, banatu eta garraiatu ahal izateko teknologiak garatzea.
Horretarako, ekimenak aurre egin behar die sektorearen erronka handi batzuei, hala nola metal jakin batzuk hidrogenoarekiko kontaktuan hauskor bihurtzea eragoztea, gas-ihesak eta -galerak murriztea, eta andel arin, jasangarri eta birziklagarriak diseinatzea, bereziki mugikortasun-arloan erabiltzeko pentsatuak.
ONTZHI-II partzuergoa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko puntako zentro hauek osatzen dute: TECNALIA, CIDETEC, GAIKER, TEKNIKER, MULTIVERSE COMPUTING RESEARCH eta MLC-ITS Euskadi.
Elkarrekin soluzio berritzaileak garatzen ditugu hidrogenoarekin kontaktuan egongo diren materialak babesteko, konposatu berri erresistenteagoak eta arinagoak garatzeko, hodiak eta hidroduktuak hobetzeko, eta, hidrogenoak metalekin zer interakzio duen hobeto ulertzeko, simulazio- eta analisi-tekniketan aurrera egiteko.
TECNALIAren zeregina funtsezkoa da ildorik estrategikoenetan
- Partzuergoaren kudeaketa eta koordinazioa, horri esker alderdi teknikoa, administratiboa eta zientifikoa behar bezala betetzen direla bermatzeko.
- Mugikortasunerako material konposatuko andeletarako soluzioak ikertzea, horretarako fabrikazio-prozesu berritzaileak eta hidrogenoaren aurkako hesi-estaldurak garatuz.
- Andel metalikoetarako eta hodietarako soluzioak ikertzea: soldaduren portaera hobetzea hidrogenoak eragindako hauskortasunaren aurrean eta hesi-estaldurak garatzea.
TECNALIAren parte-hartzea arlo hauetan duen esperientzia zabalean oinarritzen da: muturreko baldintzetarako diseinatutako materialak, konposite aurreratuen garapena eta gainazalen ingeniaritzako teknologiak.
Gainera, azken belaunaldiko ekipamendua jarriko du partzuergoaren esku, hala nola hidrogenoan espezializatutako laborategiak, saiakuntza elektrokimikoetarako sistemak eta ikuskapen ez-suntsitzaileko teknikak.