Berria

Hydrogen Europe Research ospetsuan, Ekain Fernández aukeratu dute Hidrogenoaren Banaketa Batzordearen koordinatzaile

2020ko uztailaren 17a

Hydrogen Europe Research hidrogenoaren Europako elkarte nagusienaren parte da

Orain dela gutxi, Hydrogen Europe Research elkarteak, hidrogenoaren inguruko ikerketako talde garrantzitsuenetakoak, Batzorde Exekutiboa berritzeko hauteskundeak egin ditu.

Ekain Fernández, mintz-teknologietako eta prozesuen intentsifikazioko ikertzailea, aukeratu dute “Hidrogenoaren Banaketako batzorde teknikoaren koordinatzaile”, eta batzorde hori Batzorde Exekutiboaren parte da. Azken urteetan, Iñaki Azkaratek merezimenduz egin du lan hori, eta, orain, Ekain Fernándezek hartuko du txanda.

Hydrogen Europe hidrogenoaren alorreko Europako elkarte garrantzitsuena da; 160 industria, 83 ikerketa-erakunde eta 21 elkarte nazional ordezkatzen ditu. Hydrogen Europek, Europako Batzordearekin batera, Fuel Cells and Hydrogen Joint Undertaking - FCH JU elkarte publiko-pribatua (PPP) osatzen du, zeinak ikerketako, garapen teknologikoko eta hidrogenoaren eta erregai-pilen teknologiako erakusketetako jarduerak sustatzen baititu.

Fuel Cells and Hydrogen Joint Undertaking elkartearen mende dago Hydrogen Europe Research, zeinaren helburuak baitira hidrogenoaren arloko ikerketa sustatzea eta Europan hidrogenoaren inguruko lankidetza-esparru zientifiko eta industrial bat sortzea. Elkarte horretan, unibertsitateak eta ikerketa-zentroak kontuan hartuta, 80 ikerketa-erakunde daude.

Fuel Cells and Hydrogen Joint Undertaking elkartearen parte dira, Hydrogen Europe Research ez ezik, Hydrogen Europe Industry industria-elkartea eta Hydrogen Europe National Associations elkarte nazionalen taldea ere.

Ekainek arabera: “Oso harro nago izendapen horrekin; uste dut taldea egiten ari den ahalegina berresten duela. Batzorde tekniko honetan koordinatzaile izanik, aukera izango dugu harreman estua izateko beste batzordeekin —hidrogenoaren ekoizpena eta hidrogenoaren erabilera—, zeharkako alderdiak lantzen dituzten taldeekin —cross-cutting, hydrogen valleys, supply chain— eta Hydrogen Europe Industryrekin. Horri guztiari esker, garrantzi handia hartzen ari den alor bateko soluzio teknologikoen garapena gidatu behar duten erronkak eta aukerak identifikatuko ditugu.”