"Gainindusketari edo azpiindusketari buruzko informazioa errealitate areagotuaren bidez proiektatzen da pantaila batean"
TECNALIA indusketa-prozesuak optimizatzeko DUNE ekimenean parte hartzen ari da; optimizazioaren funtsa indusketa-makinistei informazioa ematea da
Makineria astunarekin lan egiten laguntzeko sistema-belaunaldi berri baterantz doa DUNE proiektua: errealitate areagotua txertatzen du pantaila gardenetan, eta, haren bidez, informazio kritikoa eskaintzen du, zuzenean langilearen ikusmen eremuan.
Ekimenean TECNALIAk hartzen du parte, bai eta Saitec (koordinatzailea), Lurpelan Tunnelling, RDT Ingenieros eta Telesonicek ere. Haren helburua da indusketa-prozesuen doitasuna, segurtasuna eta efizientzia hobetzea.
Informazioa kabinako kristalean, denbora errealean
Indusketa-aurrealdearen geometria denbora errealean atzemateko gai den soluzio bat garatzen ari gara; soluzioak 3Dko irudi-teknologiak eta puntu-hodeiak erabiltzen ditu, eta datuak makinan prozesatzen dira zuzenean.
- Diseinuarekiko gainindusketari edo azpiindusketari buruzko informazioa errealitate areagotuaren bidez proiektatzen da, kabinako kristalean instalatutako pantaila garden batean, zeina langilearen posizioarekin sinkronizatuta baitago. Horri esker, erabaki fidagarriagoak eta azkarrago hartu daitezke, eta aurrerapena kontsultatzeko gelditzea saihesten da.
- Ekimenak arreta berezia jartzen du tuneletako lanetan. Lan-ingurune hori bereziki zorrotza da, ikuspen txikia duelako, hauts ugari egoten delako eta GPS seinalerik izaten ez delako. Sistemak doitasunez lerrokatzen du informazio digitala espazio fisikoarekin; horrek hutsegiteak murrizten ditu eta baliabideak optimizatzen.
Murgiltze-sistemak eta software aurreratua
TECNALIAk murgiltze-sistemak eta software aurreratua garatzen laguntzen du, zeinak funtsezkoak baitira atzemandako datuak testuinguruaren arabera bizkor bistaratzen direla bermatzeko.
Partzuergoak, DUNEren bidez, indusketa-prozesuen efizientzia eta errendimenduak hobetzen dituen teknologia bat bultzatzen du, eta atea irekitzen die eraikuntza-inguruneetan eta beste industria sektore batzuetan makinekin era adimendunean jarduteko eredu berriei.
