Industria elektrikoak sufre hexafluoruroa (SF<sub>6</sub>) ezabatzeko trantsizioa bizkortu du

    2026ko ekainaren 18a

    Ekipo elektrikoak_TECNALIA

    "TECNALIAk sufre hexafluoruroaren (SF6) alternatiba jasangarrien garapena bultzatzen du"

    Sufre hexafluoruroaren (SF6) alternatiba jasangarrien garapena bultzatzen dugu

    Sufre hexafluoruro (SF6) gasa asko erabiltzen da aparamenta elektrikoaren arloan, isolatzaile eta arku-itzaltzaile funtzioak betetzen baititu. Europako zuzentarau berriak indarrean jartzearen ondorioz, sufre hexafluoruroa gas alternatiboekin ordeztu beharko dute aparamenta-fabrikatzaileek; izan ere, sufre hexafluoruroak berotze globalerako ahalmen oso handia du.

    Hori dela eta, TECNALIAk sektorearen eskura jartzen du saiakuntza kritikoetarako gure azpiegitura, ekipo berrien segurtasuna eta ziurtapena bermatzen dituena.

    Europako arau-esparrua eta SF6-a ezabatzea

    Gas fluordunei buruzko 2024/573 (EB) Erregelamendua betetzeko, egutegi zorrotzak ezarri dira sektore elektrikoan pixkanaka murriztu eta ezabatu dadin SF6 gasa.

    • Zuzentarau horiek mailaz mailako debekuak ezartzen dituzte gas hori erabiltzen duten ekipo berriak merkaturatzeko; horrela, "SF6-free" teknologietara migratzera behartzen dute industria.
    • Helburua argia da: SF6-aren ordez gas isolatzaileen nahasketa berriak, aire garbia edo huts-teknologiak baliatzea, eraginkortasun operatiboa galdu gabe ingurumen-inpaktua nabarmen murrizte aldera.

    SF6-a ordeztearen konplexutasun teknikoa

    SF6-a ordeztea ez da prozesu erraza; izan ere, gas horrek oso propietate dielektriko onak ditu, eta ezaugarri horiei esker ekipoen tamaina murriztea lortzen da. Aldaketak zuzenean eragiten die alderdi hauei:

    • Erdi-tentsioko zelulak: konpartimentu isolatuak berriz diseinatu behar dira.
    • Etengailu automatikoak: etendura-ganbera berriak eta arkua itzaltzeko bitarteko berriak diseinatu behar dira.
    • Goi-tentsioko ebakigailuak eta disjuntoreak: isolatze-distantziak eta andelen estankotasuna egokitu behar dira.
    • Tentsioa neurtzeko transformadoreak: SF6a ezabatu eta diseinu-egokitzeak egin behar dira.

    Industriari laguntzen diogu saiakuntzen bidezko balioztatze elektrikoak egin ditzaten

    Gasaren konposizioan edo ekipoaren geometrian edonolako aldaketaren bat egiten bada, portaera elektrikoa ere aldatu egiten da, eta, beraz, ezinbestekoa da baliozkotze zorrotzak egitea saiakuntza normatiboen bidez.

    Produktu berri horien garapenarekin lotutako arriskuak arintzeko, TECNALIAk gaitasun teknologiko aurreratua eskaintzen die fabrikatzaileei produktuaren bizi-ziklo osoan laguntzeko, I+Gko hasierako faseetatik azken ziurtapeneraino.

    Diseinua baliozkotzeko azpiegitura eta saiakuntza kritikoak

    Diseinu berrien kritikotasuna dela eta, sektorearen eskura jartzen ditugu gure instalazio espezializatuak, diseinua baliozkotzea ahalbidetzen duten proba kritikoak egiteko, hala nola:

    1. Zirkuitulaburreko saiakuntzak: hutsegite batean ekipoak muturreko tentsio eta esfortzu mekanikoak jasateko duen gaitasuna egiaztatzea, eta diseinu eta material berriek behar bezala erantzuten dutela ziurtatzea.
    2. Etengailuek karga etetean eta ezartzean duten portaera ebaluatzeko saiakuntzak. Diseinu berrien etete-ahalmena baliozkotzea. Erdi-tentsioko aparamenta-fabrikatzaileen erronka garrantzitsuenetako bat da gasen eta materialen konbinazio bat lortzea, lehendik daudenen antzeko ahalmena eta tamaina duena.
    3. Barne-arkuaren saiakuntzak: funtsezko probak langileen segurtasuna bermatzeko; bide horretan, barne-hutsegite bat gertatzean inguratzailea zer erresistentzia duen eta presioa nola kudeatzen den ebaluatzen da.
    4. Saiakuntza dielektrikoak: nahaste berrien eta barrerien, aparamentaren eta neurgailuen diseinu berrien isolamendu-ahalmena baliozkotzea.
    5. Berotze-probak: ekipoaren portaera termikoa baliozkotzea. Saiakuntza horiek ezinbestekoak dira gas eta material isolatzaile berriek eragiketa-tenperaturi eragozpenik egiten ez diotela egiaztatzeko, eta, hartara, osagaien degradazio goiztiarra saihesteko eta ekipoaren balio-bizitza bermatzeko.

    Azpiegitura horrekin, TECNALIA aparamenta elektrikoen fabrikatzaileen funtsezko aliatu bihurtzen da, ingurumen-araudia bete ahal dezaten, energia-azpiegituraren fidagarritasuna eta segurtasuna arriskuan jarri gabe.