Berria

    ITER erreaktoreak energia garbia eta segurua sortzen du fusio nuklearraren bidez

    2025ko urriaren 27a

    ITER_TECNALIA

    "TECNALIAk 40 soldadurako eta soldadura gogorreko prozedura baino gehiago gaitu ditu"

    Frantziako hegoaldean, Cadarache herrian, gizakiak abian jarritako proiektu zientifiko handienetako bat ari dira eraikitzen: ITER (International Thermonuclear Experimental Reactor) erreaktore esperimentala

    Erreaktore erraldoi horrekin frogatu nahi da energia garbia eta segurua sor daitekeela fusio nuklearraren bidez, hots, Eguzkia elikatzen duen prozesuaren moduko batez.

    TECNALIA ITER ekosisteman

    35 herrialde baino gehiago ari dira elkarlanean nazioarteko ahalegin horretan; besteak beste, Espainia, zeinak ezagutza eta teknologia ekarriko baitizkio proiektuari 50 enpresa baino gehiagoren bidez.

    • Ekosistema horretan, AVSrekin batera, proiektuaren erronka teknikoei aurre egiteko soluzio berritzaileak garatzen ari gara material aurreratuen eta fabrikazio- eta lotura-teknologien alorretan.
    • AVSrekin batera, MITICA sistemaren hiru osagaietako bi fabrikatu, baliozkotu eta entregatu ditugu. MITICA sistema ITEReko neutroi-sorten injektoreen prototipo bat da, eskala errealean egina, eta funtsezkoa da fusio bidez energia sortuko duen erreaktore nuklearraren funtzionamendurako.

    TECNALIAren ardura izan da egitura horietako loturak gaitzea, gauzatzea eta baliozkotzea. Horretarako, soldadurako eta soldadura gogorreko 40 prozedura baino gehiago gaitu dira, azpiosagaietara egokituak. Osagai horietako batzuek material disimilarren milaka lotura dituzte, iristeko zailak diren lekuetan, eta horrek ongi islatzen ditu kalitatearekin dugun konpromisoa eta xehetasun bakoitzean dugun zehaztasun zorrotza.

    Proiektua fase erabakigarrian sartu da

    ITER, halaber, tritioa (fusiorako funtsezko isotopoa) ekoizteko saiakuntza-bankua ere izango da, eta bidea irekitzen die instalazio komertzialei, zeinak martxan egon baitaitezke hemendik hamarkada gutxira. Proiektuak erronka teknikoak eta atzerapenak pairatu ditu, baina, hala ere, fase erabakigarrirantz doa, datozen urteetan erreaktorea pizteko helburuarekin.

    • Fusioa da garbitasuna, segurtasuna, ugaritasuna eta energia-dentsitatea konbinatzen dituen energia-iturri bakarra.
    • ITER urrats erabakigarria da energia jasangarriagoa duen etorkizun baterako bidean, eta TECNALIA eraldaketa historiko horren parte da.