"Energia biltegiratzeko sistema seguruago bat sortzen ari gara, ontzien elektrifikazioa errazteko”
Euskal Itsas Foroarekin batera, itsas sektorea deskarbonizatzeko lanean ari gara, propultsio arin, garbi eta efizienteko sistemen bidez
HARPOONERS ekimenaren helburua da itsaso eta ibaietako ontzientzako goi-tentsioko baterietako biltegiratze-sistemen hurrengo belaunaldia garatzea; ontzi horien segurtasuna, lehiakortasuna eta fidagarritasun operatiboa hobetu nahi dira, eta, gainera, energia biltegiratzeko sistemak optimizatu.
Apustu teknologiko hori garatzeko, bi elementu konbinatu dira, hozteko eta energia biltegiratzeko sistemak dituzten goi-tentsioko aplikazioetarako: potentzia-elektronika eta biki digitalak.
Itsasontzietan eta ibai-nabigazioko ontzietan aplikatuko da HARPOONERSen garatutako teknologia. Horretarako, teknologia berritzaile, modular eta malgu bat sortuko da, bateria bidezko biltegiratze-sistemak ontzien goi-tentsioko sareekin konektatzeko, eta, ondorioz, transformadoreak eta hozte-sistemak izateko beharra ezabatzeko.
- Bateria-modulu horiek potentzia-elektronikarekin integratuta egongo dira. Itsasontziaren sarera zuzenean konektatuta, transformadorearen beharra desagerraraziko dute eta pisua murriztea lortuko dute.
- Mekanismo berritzaile horren bidez, energia biltegiratzeko sistema seguruagoa sortuko da, eta horren emaitza izango da ontzi txiki eta ertainen elektrifikazioa erraztea, industria deskarbonizatzea eta ontzien ingurumen-inpaktua eta CO2-emisioak murriztea. Horrez gain, fabrikazio- eta mantentze-kostuak murriztuko dira.
Proiektuaren liderrak
Gainerako bazkideekin batera, potentzia-elektronika modular eta maila anitzekoaren arkitektura diseinatzeko lanean ari gara. Gainera, zibersegurtasuneko, efizientzia energetikoa kontrolatzeko eta biki digitala modelatzeko estrategiak aztertzen ditugu. Era berean, lankidetzan ari gara hozte-sistemen analisian eta akatsen denbora errealeko detekzioan, horri esker propultsio-sistemaren fidagarritasuna eta segurtasuna handitzeko.
Proiektuan Europako 13 entitatek hartu dute parte: Euskal Itsas Foroa; TECNALIA; Valenciaport Fundazioa; Power Electronics (Valentzia); AIT Austrian Institute of Technology (Austria); Vrije Universiteit Brussel (Belgika); Inlecom Group (Belgika); Opleidingscentrum voor Hout en Bouw (Belgika); Lalemant (Belgika); Grimaldi Euromed SpA (Italia); Corvus Energy Norway (Norvegia); Lloyd 's Register EMEA (Erresuma Batua) eta Elkon Elektrik (Turkia).