José Luis Elejalde lankidea ACLIMAko lehendakari izendatu dute

    2026ko uztailaren 7a

    José Luis Elejalde lankidea ACLIMAko lehendakari izendatu dute

    «ACLIMAk Euskadiko enpresa-, industria- eta teknologia-erakunde eta ingurumen-zerbitzuetako erakunde nagusiak biltzen ditu»

    José Luis Elejaldek Basque Environment Clusterreko lehendakaritza hartu du, enpresen arteko lankidetza indartzeko eta trantsizio ekologikoa bizkortzeko helburuarekin

    José Luis Elejalde, TECNALIAko Trantsizio Energetiko, Klimatiko eta Urbanoko zuzendaria, ACLIMAko —Basque Environment Cluster— lehendakari izendatu dute, Donostian egindako Batzar Nagusiaren babesa jaso ondoren.

    Izendapen horren bidez, Elejaldek Euskadiko enpresa-, industria- eta teknologia-erakunde eta ingurumen-zerbitzuetako erakunde nagusiak biltzen dituen erakundearen lekukoa hartu du.

    • ACLIMA erreferentzia da ingurumenaren ekosisteman; izan ere, berrikuntzaren eta garapen jasangarriaren bidez enpresen lehiakortasuna sustatzeko lan egiten duten ehun erakunde baino gehiago biltzen ditu, eta ingurumen- eta klima-erronkei modu aktiboan erantzuten laguntzen du.
    • Gaur egun, ingurumen-sektoreak Euskadiko barne-produktu gordinaren % 5,3 baino gehiago ordezkatzen du, eta horrek argi eta garbi erakusten du jasangarritasunak, ekonomia zirkularrak, baliabideen kudeaketa efizienteak, deskarbonizazioak eta ingurumen-berrikuntzak gero eta garrantzi handiagoa dutela lurraldearen garapen ekonomikoan.

    Eraldaketa ekologikoa eta lankidetza

    Etapa berri honetan, Elejalderen helburua izango da klusterrak eraldaketa ekologikoaren funtsezko eragile gisa duen posizionamendua indartzea. Horretarako, enpresen, administrazioen eta ezagutza-zentroen arteko lankidetza sustatuko du, eta gaur egungo ingurumen-erronkei erantzuteko soluzio berritzaileak bultzatuko ditu.

    Elejalderen arabera, «ACLIMAk ezinbesteko eginkizuna betetzen du trantsizio ekologikoaren motor gisa, eta enpresa- eta teknologia-gaitasunak lotzen ditu ingurumen-erronkei erantzuteko. Enpresa-sarearen lehiakortasuna indartuko duen agenda sustatzea eta, aldi berean, eredu jasangarriago baterantz aurrera egitea erantzukizuna ez ezik, aukera ere bada».

    José Luis Elejaldek ibilbide luzea du berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta kudeaketa teknologikoaren arloan, eta esperientzia sendoa du ingurumen-hobekuntzara eta industria-lehiakortasuna indartzera bideratutako proiektuak garatzen. TECNALIAn duen posiziotik, soluzio teknologiko aurreratuak bultzatzen lagundu du trantsizio energetikoarekin, ekonomia zirkularrarekin eta garapen jasangarriarekin lotutako funtsezko esparruetan.

    Bai enpresa- eta teknologia-ekosistemari buruz duen ezagutza eta bai haren ikuspegi estrategikoa giltzarri izango dira ACLIMAren etapa berri hau gidatzeko orduan; izan ere, enpresak erregulazio- eta merkatu-esparru berrietara egokitzeko bidean klusterrak jasangarritasunaren erreferentzia gisa eta enpresen aliatu estrategiko gisa duen zeregina sendotu nahi da.

    Izendapena ACLIMAren Batzar Nagusian formalizatu da. Bertan, datozen urteetarako jarduera-ildo nagusiak ere zehaztu ziren, sektorearen hazkunde ekonomikoa eta haren erronka estrategikoak ardatz hartuta.