Berria

Josu Erkorekak gure instalazio meteorologikoak bisitatu ditu

2022ko martxoaren 31a
Josu Erkoreka visita las instalaciones meteorológicas de TECNALIA

"Fenomeno meteorologiko kaltegarriak iragartzeko, garaiz atzemateko eta jarraipena egiteko Euskalmeteko adituek egiten duten lana nabarmendu du lehen lehendakariordeak"

Meteorologiaren Mundu Eguna aitzakiatzat hartuta, lehen lehendakariordea Meteo eta Klimaren instalazioetan izan da, Euskalmetek egiten duen lanaren garrantzia nabarmentzeko.

Meteorologiaren Mundu Egunaren aitzakian, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egiten duen lan garrantzitsua azpimarratu du TECNALIAko Meteo eta Klimaren instalazioetan egindako ekitaldi batean.

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eta Fernando Izaguirre Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak ere parte hartu dute ekitaldian. Santiago Gaztelumendi TECNALIAko Meteorologia eta Klima arloko zuzendariak landu ditugun lan-ildo eta proiektu nagusiak azaldu ditu, eta monitorizatzeko, jarraipena egiteko, iragarpenak egiteko eta komunikabideetarako dauden instalazioak erakutsi ditu.

EuskalEguraldia boluntario digitalen elkartea

Ekitaldian, EuskalEguraldia boluntario digitalen elkarte berria ofizialki aurkeztu da, zeina sare sozialen bidez Euskalmeti informazio meteorologikoa ematen espezializatua baitago. Hemendik aurrera, EuskalEguraldiak argazkiak eta bideoak emango dizkio euskal agentziari, eta horrek aukera emango du fenomeno meteorologiko kaltegarriei eta haien ondorioei buruzko informazioa hobeto zabaltzeko.

Topaketan, bestalde, 2021eko balantze meteorologikoa ezagutarazi da: 176 abisu hori, 18 alerta laranja eta alarma gorri bat aktibatu ziren.

Euskal Meteorologia Agentziak larrialdien eta babes zibilaren esparruan egindako funtsezko lana nabarmendu du lehen lehendakariordeak. Euskalmeteko profesionalen lanaren balioa nabarmendu du, bai egunero egiten dituzten iragarpenengatik, bai larrialdien eta babes zibilaren alorrari lotutako fenomeno kaltegarriak hautemateko duten erabateko konpromisoagatik.