«CTN-UNE 41/SC14 Eraikuntza Industrializatua batzorde teknikoa 60 erakundek baino gehiagok osatzen dute, eta TECNALIA horietako bat da»
Espainiako Normalizazio Elkarteak (UNE) iragarri du UNE 41610:2026 arau berria argitaratu duela
Espainiako Normalizazio Elkarteak argitaratutako arau berri hori aurrerapauso erabakigarria da Espainiako eraikuntza industrializatuaren sektorea eraldatzeko: eraikinen industrializazio-indizea neurtzeko hizkuntza komun bat eta metodo objektibo bat ezartzen ditu, eta, gainera, Eraikuntza Industrializatuaren ESEPEaren (Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoak) garapena indartzen du.
TECNALIAk arau berria garatzeko prozesuan parte hartu du
Araua garatzeko prozesu horretan, 60 erakundek baino gehiagok CTN-UNE 41/SC14 Eraikuntza Industrializatua batzorde teknikoa osatu dute, eta TECNALIA horietako bat da. Laura Agenjo Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioko aholkulari teknikoa buru duen batzorde horrek balio-kate osoa biltzen du modu orekatuan: unibertsitateak, zentro teknologikoak, industria-enpresak, eraikuntza-enpresak, sustatzaileak, sektoreko elkarteak, laborategiak, ziurtapen-erakundeak eta administrazio publikoak.
TECNALIAk parte hartu du batzordean, eta bermatu du arauak sektorearen benetako beharrei erantzuten diela eta etorkizuneko bilakaerarako oinarri sendoa duela.
Osagai industrializatuen sailkapen estandarizatua
- UNE 41610:2026 arauak osagai industrializatuen sailkapen xehatua ezartzen du, eraikinean duten funtzioaren arabera (egitura, inguratzailea, barne-banaketak, instalazioak eta akaberak) eta haien geometria nagusiaren arabera (1D, 2D edo 3D).
- Egitura tekniko horrek eraikuntza-katalogoa antolatzeko aukera ematen du, eta soluzioen arteko konparazioa errazten du, erabilitako teknologia edo eraikuntza-sistema edozein direla ere.
Industrializazio Indizea, arauaren berrikuntza nagusia
- Arauaren elementurik berritzaileena Industrializazio Indizea da. Metodologia normalizatu horrek edozein proiekturen industrializazio-maila ebaluatzen du modu objektibo, alderagarri eta errepikagarrian.
- Indize hori tresna estrategikoa da sustatzaileentzat, proiektugileentzat eta administrazioentzat; izan ere, industrializazioak efizientzian, kalitatean eta jasangarritasunean duen eragina zorrotz neurtzeko aukera ematen du.
Espainia, Europako eraikuntza industrializatuaren abangoardian
UNE 41610:2026 araua argitaratuta, Espainia Europako abangoardian kokatu da eraikuntza industrializatuaren normalizazioaren arloan. Estandar berri horrek ez ditu argitasun kontzeptuala eta zorroztasun metodologikoa bakarrik ematen; horrez gain, etorkizuneko arau-garapenei ere bidea irekitzen die, sektorearen lehiakortasuna, berrikuntza eta estandarizazioa indartzen jarraitzeko.
