Berria

Normalizazioaren Nazioarteko Eguna ospatuko dugu

2023ko urriaren 26a
Importancia de la normalización

“Konpromiso irmoa dugu normalizazioarekin, horrek estandar teknikoak ematen baititu, eta haiek erreferentzia gisa balio baitute bezeroei gure laborategi akreditatuetan egiten dizkiegun ebaluazio eta ziurtagirietarako”.

Normalizazioaren Nazioarteko Egunean, normalizazioaren garrantzia nabarmendu nahi dugu

Urtero, urriaren 14an, Nazioarteko Batzorde Elektroteknikoko (IEC), Nazioarteko Normalizazio Erakundeko (ISO) eta Telekomunikazioen Nazioarteko Batasuneko (ITU) kideek Normalizazioaren Nazioarteko Eguna ospatzen dute. Horren bidez, ezagutza zabaltzeko balio duten arauak egiten laguntzen duten mundu osoko dozenaka aditu omentzen dira.

Aurten, Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) lortzen laguntzen duten arauak prestatzen dituzten erakundeak babesten eta aitortzen jarraituko dugu. Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak leku zuzen, jasangarri eta oparo baterako eredu bat eskaintzen du, orain eta etorkizunean. Mundu hobe baten ikuspegi partekatu hori sortzeko, NBEko kide diren estatu guztiek Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) beren gain hartu zituzten 2015ean, herrialde guztiek globalki elkartuta aurrera egiteko.

TECNALIAk eta TECNALIA Certificaciónek normalizazioarekiko konpromisoa berretsi dute

Horregatik guztiagatik, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak eta TECNALIA Certificaciónek bat egin dute teknologiaren eta berrikuntzaren mundurako funtsezkoa den ekitaldi honekin. Normalizazioa funtsezkoa da mundu hobe bat sortzeko, mundu osoko produktu eta zerbitzuen kalitatea, segurtasuna eta interoperabilitatea bermatzen duten estandarrak eta araudiak ezartzen baititu.

TECNALIA, 1.500 ikertzaile eta aditu baino gehiagorekin, funtsezko oinarria izan da zenbait sektoretan normalizazioa sustatzeko, energia jasangarritik hasi eta 4.0 industriaraino. Zeregin garrantzitsua dugu normalizazioaren eta industriaren arteko erlazioan; izan ere, produktuek eta zerbitzuek arau teknikoak betetzen dituztela egiaztatzen dugu, eta horrek kalitatea, segurtasuna eta lehiakortasuna hobetzen laguntzen du zenbait sektoretan. Gure lana normalizazioarekin oso lotuta dago, normalizazio horrek estandar teknikoak ematen baititu, eta haiek erreferentzia gisa balio baitute bezeroei gure laborategi akreditatuetan egiten dizkiegun ebaluazio eta ziurtagirietarako.

Adostasunaren ebaluazioaz eta ziurtapenaz gainera, nazioarteko batzorde eta lantaldeetan aktiboki parte hartzen dugunez, berrikuntza, lehiakortasuna eta jasangarritasuna sustatzen dituzten estandarrak formulatzen laguntzen dugu. Mundu osoko adituek nazioarteko arauak sortzen laguntzea funtsezkoa da erronka globalei aurre egin eta etorkizun seguruago eta jasangarriago bat eraiki ahal izateko ikuspegi partekatua lortzeko.

Normalizazioaren Nazioarteko Eguna aukera bat da normalizazioak eguneroko bizitzan duen eragin positiboa nabarmentzeko. Erabiltzen ditugun produktuen kalitatetik hasi eta inguruko azpiegituren segurtasuneraino, nazioarteko arauek eginkizun isil bat betetzen dute, baina funtsezkoa da, aurrerapena eta berrikuntza sustatzeko.