"Produktu berri honek pertsonekin zentzumenen bidez konektatzeko modu berriak esploratzen ditu"
TECNALIAk lehen OOBE arrosaren garapenean parte hartu du: elikadura-esperientzia eraldatzera zuzendutako berrikuntza
Elikagaien arloko berrikuntza ez da soilik prozesuak hobetzea edo produktu osasungarriago eta jasangarriagoak garatzea. Beste gauza bat ere bada: harritzeko, hunkitzeko eta pertsonekin bestelako lotura bat sortzeko gai diren esperientzia berriak sortzea. Testuinguru horretan, TECNALIAk lehen oliba-olio birjina estra (OOBE) arrosaren garapenean parte hartu du. Proposamen aitzindaria da, gastronomia mediterraneoko produktu enblematikoenetako bat berrinterpretatzen duena.
Proiektua, elikagaien sektoreko zenbait bazkiderekin batera bultzatua, elikagaien arloan zentzumen-esperientzia berriak esploratzeko helburuarekin sortu da. Produktuaren berezko esentzia eta kalitatea gordetzen dituen OOBE bat da emaitza, baina badu elementu bereizgarri erantsi bat, lehen momentutik kontsumitzailearen pertzepzioa eraldatzen duena: kolorea.
Pigmentu naturaletatik abiatuta
L’Aurea marka espainiarrarekin batera egindako garapen berritzaile bat da, eta pauso bat aurrera egiten du elikagaien produktua balio erantsi handiagoko esperientzietara eramateko bidean: kolore arrosako lehen oliba-olio birjina estra elaboratzea, erremolatxaren landare-pigmentuak oinarri, zeinek kanpoko itxura besterik ez baitute aldatzen, zaporeari, usainari eta propietate organoleptikoei eragin gabe.
- Garapen horren ondorioz, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoarekin lankidetzan, Aurelia sortu da. Jaéngo uzta goiztiarreko Picual oliba-olio birjina estra eta ekologikoa erabili da horretarako. Hala, produktu tradizional bat proposamen bereizgarri bihurtu da; izan ere, olioa bere ohiko erabileratik harago eraman da, esperientzia gastronomiko, estetiko eta adierazpeneko bat izatera.
- Izaera berritzaile eta deigarriaz harago, ekimenak elikagaien sektoreko joera gorakor bati erantzuten dio: kontsumo-esperientziek hartan jokatzen duten gero eta rol garrantzitsuagoari.
- Bereizketa, harritzeko gaitasuna eta balio erantsia sortzea funtsezko alderdiak dira beren burua gero eta merkatu lehiakorragoetan kokatu nahi duten enpresentzat.
Izan ere, berritzea ez da beti gauzak konplexuago egitea. Batzuetan, betiko produktuei erabat ikuspegi berri batetik begiratzera ausartzea ere bada.
Soluzio berritzaileak eta bezeroari lagun egitea
Ezagutza zientifikoa, garapen teknologikoa eta merkatuaren beharren ulermena uztartzen dituzten soluzio berritzaileak bultzatzeko apustuaren barruan kokatzen da TECNALIAren ekarpena. Ikuspegi horretatik abiaturik, balio-proposamen berriak ekartzeko eta negozio-aukerak zabaltzeko gai diren produktuak sortzen lagundu dakieke enpresei.
Teknologian eta ezagutzan oinarritutako sormenak, garapen honek erakusten duenez, produktu disruptiboak sortu ditzake, ezarritako konbentzioei aurre egiten dietenak eta elikagaien industrian berritzeko aukerak zabaltzen dituztenak.
Elikaduran berritzeko aukera berriak esploratu nahi al dituzu?
Jarri harremanetan gure taldearekin, merkatuaren eskaera sortu berriei erantzungo dieten produktu eta esperientzia bereizgarriak garatzeko.
