Berria

Polisomnografien bidez baliozkotuta loaren kalitatea eta kantitatea monitorizatzeko gailu ergonomiko bat garatzen ari gara

2021ko martxoaren 16a
Desarrollo de un dispositivo ergonómico de monitorización de la calidad y la cantidad del sueño validado con polisomnografías

Sistemak lepoko baten itxura izango du, lantalde klinikoak hautatutako funtsezko parametro batzuk zehatzago neurtzeko

Helduen % 20tik % 48ra bitarte ari dira kalitate txarreko loaren ondorioak jasaten. Haietatik % 10ek lo-nahaste kronikoak izaten ditu, eta, ondorioz, bizi-kalitate txarragoa, umore- eta aldarte-aldaketak, istripuak izateko arrisku handiagoa, estres handiagoa, alterazio kardiobaskularrak eta hipertentsioa, eta nahaste metabolikoak.

Gero eta gehiago erabiltzen dira wearable edo soinean eramateko teknologiak loa monitorizatzeko. Merkatuan dauden gailuek, ordea, nabarmen goitik zenbatesten dute atsedenaren iraupen osoa; oraindik ez dute lortu parametro fisiologikoen, haien prozesatzearen eta sentsoreen kokapenaren konbinazio egokia, ematen duten informazioa polisomnografien (PSG) parekoa izan dadin.

Monitorizagailu ergonomikoa

TECNALIAn, polisomnografien bidez baliozkotuta loaren kalitatea eta kantitatea monitorizatzeko gailu ergonomiko bat garatzen ari gara. Sistemak lepoko-itxura izango du, lantalde klinikoak hautatutako funtsezko parametro batzuk zehatzago neurtzeko. Halaber, seinale fisiologikoak adimen artifizialarekin prozesatuko ditu, hodeiko plataforma batek lagunduta, eta mugikorreko aplikazio bat izango du erabiltzaileei informazioa emateko.

Abantaila nagusi hauek izango ditu gailuak:

  • Monitorizazio-sistema eramangarria. Lo-denbora osoa, loaldien arteko esnaldiak eta loaren faseak neurtu behar ditu, neurketa hauen bidez: tonu-muskularra (EMG), aktibitatea (azelerometria), bihotz-erritmoa (EKG) eta gorputzaren tenperatura.
  • Ingurune adimenduna/aplikazioa. Sentsore komertzialetan eta mugikorraren erabileran oinarritua. Giro-tenperatura, argia, soinua eta beste parametro batzuk jasotzen dira. Erabiltzaileentzako galdetegiak eta ohiturak aldatzeko feedback-sistema bat du.
  • Machine learning edo ikaste automatikoko plataforma. Aurreko bi puntuetan oinarrituta gainbegiratu gabe eta automatikoki ikasten duen sistema. Erabiltzailearen loaren profila egiten du, eta, erantzun gisa, ohiturak aldatzeko gomendioak ematen.
  • Jarduketa-sistema eramangarria. Larruazalean zeharreko nerbio-estimulazio elektrikorako gailua. Erlaxazioa eragiten du, lo egiten laguntzen du eta loaren kalitatea handitzen du.