Sistema robotiko batek pala eolikoak konpontzeko modua irauli du

    2026ko ekainaren 18a

    Pala_aerosorgailua_konponketa_konpositeak

    "Saihestu egiten da teknikariek soketatik zintzilik jarrita egin behar izatea konponketak”

    Aerosorgailuen palen egituraren konponketa automatizatzen duen sistema robotiko berritzaile bat garatu da, eta baldintza errealetan baliozkotu da.

    Konpontzeko tresna konpositezko errefortzu-adabakien aplikagailu bat da. Adabakiak aurrez lurrean fabrikatzen dira, palan identifikatutako kaltearen arabera. Adabaki lauak lurrean prestatzen dira, baina ez dira ontzen. Ondoren, gailuak palako eremu kaltetura eramaten ditu, eta lurretik maneiatzen den beso robotiko baten bidez, aplikatu egiten dira, palaren kurbadurara egokitzen dira, eta ondu egiten dira.

    • Horrela, saihestu egiten da egungo konpontze-prozesua. Gaur egun, teknikariek soketatik zintzilik direla konpondu behar izaten dute palako kalte, eta, horretarako, errefortzu-zuntzak erretxina likidoekin inpregnatzen dituzte, baina baldintza prekario eta arriskutsuetan.
    • Adabakiak aplikatzeko gailua TECNALIA zentro teknologikoak garatu du, Donostian, eta aurrerapen nabarmena da sektore eolikoko mantentze-lan tradizionalen aldean.
    • Adabaki-aplikagailuak, materiala zehaztasunez ipintzeaz gain, funtsezkoak diren beste prozesu batzuk ere gauzatzen ditu, hala nola hutseko finkapena eta pirometroen bidez kontrolatutako ontze termikoa; horrela, prozesuaren kalitatea eta errepikakortasuna ziurtatzen ditu, eta eskuzko prozesuei lotutako aldakortasuna ezabatzen.

    TECNALIAk ROMAIN proiektuaren laguntza jaso du, proiektu horretako partaideak arduratu baitira teknologiaren funtsezko beste alderdi batzuez, hala nola palako kalteak hautemateaz eta identifikatzeaz (Front Technologies, UK), datu horiek adimen artifizialeko algoritmoen bidez tratatzeaz (Alerion, Donostia) eta adabaki-aplikatzailea lurretik palako kaltera garraiatzen eta adabakia hedatzen duen robota garatzeaz (Aerones, Letonia).

    Ezinbesteko aldaketa aerosorgailuen mantentze-lanetan

    Gaur egun, aerosorgailuen palak mantentzeko lanak azpiegitura horien mantentze-lanen guztizko kostuaren % 15 eta % 25 artekoak dira. Egituren konponketa gehienak, oso garrantzitsuak izan arren, eskuz egiten dira oraindik. Hala, altueran lan egiten duten teknikariek eskuzko teknikak baliatzen dituzte likidoak inpregnatzeko.

    Esku-hartze horiek zenbait eragozpen dituzte: baldintza meteorologikoen araberakoak dira, langile oso espezializatuak behar dira, eta, zenbaitetan, kaxkarra izaten da konponketen kalitatea.

    Gero eta erronka handiagoa energia eolikoaren sektorerako

    Soluzio automatizatuen garapenak, ROMAIN proiektuarenak kasu, are garrantzi handiagoa hartzen du sektore eolikoa mundu osoan izaten ari den hazkundearen aurrean. Erronkak areagotu egingo direla aurreikusten da; izan ere:

    • Munduko aerosorgailu-flotak hedatzen jarraitzen du.
    • Ekipoek, zahartzen diren heinean, esku-hartze gehiago behar izaten dituzte.
    • Gero eta turbina gehiago instalatzen dira itsas inguruneetan (offshore); kasu horietan, lurreko parkeetan baino konplexuagoa da irisgarritasuna eta, ondorioz, izugarri handitzen dira kostuak.
    • Gero eta luzeagoak dira turbinen palak eta dorreak; ondorioz, teknikarientzat zailagoa da haietara iristea. Gainera, turbina zerbitzuz kanpo izateak eragindako galerak nabarmen handitzen dira.

    Testuinguru horretan, sistema robotikoek, segurtasuna eta eraginkortasuna areagotzeaz gain, kostuak murrizten laguntzen dute, eta konponketen kalitatean uniformetasun handiagoa lortzen da.

    Aurrerapen horrek finkatu egiten du robotikak azpiegituren funtsezko elementuen mantentze-lanetan duen zeregina, eta aukera berriak irekitzen ditu mundu osoko parke eolikoen operazioa optimizatzeko.

    Konponketa-adabakien aplikagailuaren baliozkotze-probak, EDPk kudeatzen duen Albaceteko La Cabaña parke eolikoan

    Gailua Aerones bazkideak inplementatutako beso robotikoaren bidez maneatzen da. Adabakiak aplikatu eta sei hilabetera, EDPko langileek konponketak ikuskatu zituzten, eta behar bezala funtzionatzen zutela egiaztatu zuten.

    ROMAIN proiektu europarra (Robotic Operation and Automated Maintenance for Inspection of Wind Turbines), EDP Renewables (Portugal) enpresak koordinatua eta Europar Batasunak kofinantzatua.