Berria

TECNALIAk 4.0 industriako bere garapenak aurkeztu ditu Hannoverreko EMOn, makina-erremintaren fabrikatzaile nagusien eskutik

2017ko irailaren 15a

Sektoreko azoka nagusian izango gara, Ibarmia, Zayer, ONA, Correa eta Shuton etxeen bazkide teknologiko gisa

EMO azokak, makina-erremintaren arloko munduko osoko nagusiak, sektoreko fabrikatzaile eta erabiltzaile nagusiak bilduko ditu irailaren 18tik 23ra, astelehenetik larunbatera. Sei egun horietan, Ibarmia, Zayer, ONA, Correa eta Shuton fabrikatzaileen eskutik, 4.0 industriaren alorreko zenbait garapen aurkeztuko ditugu, guztiak ere enpresen lehiakortasuna areagotzeko eta eraldaketa digitala sustatzeko eginak.

Ibarmia, Zayer, ONA eta Correa fabrikatzaileek beren makinen zerbitzu berriak eta funtzio-hobekuntzak aurkeztuko dituzte. Makinak erabiltzean makinei eta prozesuei buruz automatikoki eskuratzen diren datuen analisi adimendunean oinarritutakoak dira berrikuntza eta hobekuntza horiek. Sentsore-sistema integratu baten bidez, unean uneko eragiketa-kondizioak ezagutzen dira, eta makina haietara etengabe egokituz lortzen dira funtzio-hobekuntzak. Zerbitzu berriak, berriz —hala nola prozesuen kalitate-analisiak eta makinaren erabileraren txostenak—, prozesuetatik automatikoki eskuratutako datuen analisi adimendunaren ondorio dira. Monitorizazio jarraituko sistema hodeiko plataformatan oinarritzen da, eta bateragarria da erreminta- eta osagai-fabrikatzaileek eta beste batzuek eskaintzen dituzten beste informazio-zerbitzu batzuekin. Gure emaitzek makinen eraginkortasun operatibo handiagoa eta errendimendu hobea erakusten dute.

Shutonek (torloju boladunen fabrikatzailea da) IBallscrew torloju boladunak aurkeztuko ditu bere standean. Laneko kondizioei egokitzen zaien lubrifikazio eta hozte egokituko funtzio berriak eskaintzen ditu IBallscrewek, bai eta torloju boladunaren jokaeraren eta egoeraren monitorizazioa ere. iBallscrewk, TECNALIAk garatutako monitorizazio-sistema baten bidez, torlojuari buruzko informazio garrantzitsua ematen du, hala nola tenperaturaren eta bibrazioen banaketaren gainekoa. Informazioa erraz integra daiteke makinaren PLCan, eta makina-erremintaren fabrikatzaileei makina-funtzio aurreratuak ezartzeko aukera ematen die.

Bestalde, TECNALIAk, Euskal Herriko Unibertsitateak eta HRE Hidraulicek, mekanizazio zaileko materialetarako hozte- eta lubrifikazio-soluzio eraginkorrak bilatzearren, hozte eta lubrifikazio kriogenikoko gailu bat garatu dute, karbono dioxidoan oinarritua, erremintaren kalitateari eta bizitzari abantaila handiak dakarzkiona titanioa, altzairu gogortuak, karbono- edo beira-zuntzezko konposatuak eta halako material gogorrak mekanizatzean. HREk merkaturatu du gailua, eta Ibarmiaren standeko makina batean txertatua aurkeztu da.
EAEko ekonomiaren lehiakortasunak funtsezkoa duen makina-erremintaren sektorean TECNALIAk egiten duen trakzio-lana islatzen du ordezkaritza zabal horrek.