"TECNALIA buru da, robotikako, ekoizpen-baliabideetako eta suteen aurkako segurtasuneko funtsezko zereginetan"
Europako RENOMIZE proiektuaren barruan, TECNALIA eraikinen birgaitze energetikoaren automatizazioa bultzatzen ari da
TECNALIA aktiboki parte hartzen ari da Europako RENOMIZE ekimenean (Renovation with automation and optimization of processes and products); hain zuen, eraikinen birgaitze energetiko sakoneko prozesuak industrializatzea eta automatizatzea helburu duen asmo handiko lankidetza-ekimena da RENOMIZE. Eraldaketa energetiko hori funtsezkoa da Europako parke eraikiaren berrikuntza bizkortzeko eta EBk ezarritako helburu klimatikoak lortzeko.
RENOMIZEk birgaitze-prozesuaren optimizazio integralari heltzen dio, bai obran, bai fabrikan, eta eraikuntza-sistemen bizi-ziklo osoa hartzen du: diseinua, entrega eta mantentze-lanak, bai eta deseraikitzea eta birziklatzea ere. Proiektuak garatzen dituen berrikuntzei esker, % 25etik gorako kostuak aurreztea eta gauzatze-denborak nabarmen murriztea ahalbidetuko da.
TECNALIAn bi esparru estrategikotan ari gara zereginak garatzen
- Automatizazioa eta ekoizpen-baliabideak: Mariola Rodríguez buru duen taldea soluzio robotikoak eta prozesu automatizatuak diseinatzeko lanean ari da obran panel industrializatuak instalatzeko eta, aldi berean, denborak, kostuak eta lan-arriskuak murrizteko.
- Suteen aurkako segurtasuna: Arritokieta Eizagirrek, Suaren aurkako segurtasuneko saiakuntzen laborategian, eraikuntza-soluzio seguruak diseinatzen eta baliozkotzen laguntzen du; hala, fatxada-sistema industrializatuen suarekiko portaera ebaluatzen du. Arritokietaren hitzetan: “Suaren aurkako segurtasun-irizpideak diseinuaren lehenengo faseetatik integratzea funtsezkoa da soluzio industrializatuak pertsonentzat eta eraikinentzat seguruak izango direla bermatzeko —eta ez bakarrik eraginkorrak eta jasangarriak—”.
Proiektuaren lehenengo faseetan, ainguraketei, panel industrializatuen diseinuari, obrako prozesuen automatizazioari eta berrikuntzen erakustaldiari buruzko eztabaida teknikoetan parte hartu du TECNALIAk, eta bisitak egin ditu benetako erakusleiho gisa erabiliko diren fabrika eta eraikin pilotuetara.
Hauek dira proiektuaren berrikuntza nabarmenetako batzuk:
- Obra prestatzeko eta HVAC teknologiak eta teknologia berriztagarriak hautatzeko erabakiari sostengua emateko tresnak.
- Eraikuntza-prozesuak optimizatzeko, denborari eta espazioari dagokien planifikazio aurreratua.
- Panelen ainguraketa-sistema eta panelen arteko konexio-sistema berriak, muntaketa automatizatura eta desmuntaketara egokituak.
- Ainguraketak eta panelak modu autonomoan jartzeko autoposizionamenduko eta efektore robotikoko sistemak.
- Fabrikako automatizazioaren optimizazio gero eta handiagoa, kalitatea hobetzeko eta kostuak murrizteko.
Proiektua JOANNEUM RESEARCHek koordinatzen du eta bederatzi herrialdetako 13 bazkidek hartzen dute parte. Zentro teknologikoen eta enpresa liderren laguntza du, hala nola VITO, BuildUp, Litobox, Fraunhofer, ETH Zürich, EPFL eta TECNALIA, besteak beste. RENOMIZEn ikus ditzakezu azken berriak.
** Proiektua Europar Batasuneko Horizonte Europako Berrikuntza Ekintzen programak finantzatzen du, 101192326 zenbakiko dirulaguntza-akordioari jarraikita, bai eta Suitzako Konfederazioaren Ekonomia, Hezkuntza eta Ikerketa Departamentu Federalak (EAER) ere (Hezkuntza, Ikerketa eta Berrikuntzarako Estatu Idazkaritza, SERI).