"robotizazioa eta automatizazioa turismoaren sektorean nola aplikatzen ditugun erakutsi dugu FITURen"
TECNALIAk turismoa eraginkorragoa izateko teknologia eskaintzen du
Álvaro Carrillo de Albornoz, Instituto Tecnológico Hotelero erakundeko eta THINKTUR Turismoaren Plataforma Teknologikoko zuzendari nagusia, FITURTECHY 2026an izan da “Robotika eta automatizazioa turismoan" eBook-a aurkezten. Argitalpen horrek turismo-sektorearen eraldaketa digitala gidatzen ari diren zentro teknologikoen ikuspegia biltzen du.
- eBook berri horren xedea da azterketa sakon bat eskaintzea robotizazioak eta automatizazioak turismoaren funtsezko arloetan duen eragin errealari buruz, hala nola barne-logistikan, kudeaketa operatiboan, hiperautomatizazioan, datuen erabilera aurreratuan, adimen artifizialean eta bidaiariaren esperientziaren digitalizazioan.
- Besteak beste, Eurecat, ITH, Vicomtech, Turistec eta TECNALIA zentroen ikuspegia jasotzen du dokumentuak, eta turismoaren etorkizunari forma ematen ari diren teknologiei buruzko ikuspuntu globala eskaintzen du.
24/7 eskaerari erantzuteko automatizazioa
Urtarokotasunak, langileen txandakatzeak, jarduera-gailurrek eta kostuen presioak baldintzatzen duten sektore batean, automatizazioa funtsezko tresna da zerbitzuaren erabilgarritasuna, eraginkortasuna eta kalitatea bermatu ahal izateko.
Gure ekarpenaren ardatza Elika da, ready to eat platerak prestatzeko Exkal eta Gurpearekin batera diseinatutako soluzio robotizatua.
- Teknologia horrek hainbat arlo uztartzen ditu: robot manipulatzaile bat, automatismo aurreratuak eta eskaerak kudeatu, zereginak lehenetsi eta menua pertsonalizatzeko gai den aplikazio mugikor bat.
- Elikak orduko 50 plater presta ditzake, eta on demand erako ekoizpen-eredu baten arabera egiten du lan. Horri esker, elikagaien xahutzea murrizten da, kalitatea estandarizatzen da eta 24 orduko etengabeko zerbitzua bermatzen da.
- Soluzio hori jende asko biltzen den inguruneetarako dago pentsatua, hala nola aireportu, geltoki edo hiriguneetarako. Toki horietan, azkartasuna, higienea eta erabilgarritasuna faktore erabakigarriak izaten dira bidaiariaren gogobetetasunerako.
Erabiltzailearen esperientzia ardatz bereizgarri gisa
Garapen robotizatuaz gain, TECNALIAn pertsona-makina interakzioan oinarritutako ikuspegia txertatzen dugu. Giza faktoreen laborategian parametro fisikoak, kognitiboak eta emozionalak aztertzen ditugu, hala nola jarrera, begirada, buru-karga eta estres-maila, gizabanakoak sistema automatizatuekin nola erlazionatzen diren ulertzeko.
Ikuspegi horrek aukera ematen du teknologiaren portaera erabiltzailearen egoera errealera egokitzeko eta ingurune inklusiboagoak eta seguruagoak diseinatzeko; hori guztia turismoari aplikatuz gero, errazagoak, fidagarriagoak eta naturalagoak diren esperientziak sortzen laguntzen da; izan ere, soluzio robotikoek lagundu egingo diete langileei eta hobetu egingo dute zerbitzuaren kalitatea, baina giza dimentsioa galdu gabe.
Sektorearen etorkizuna iragartzen duen argitalpena
Robotizazioa turismoaren sektorerako erabakigarriak diren prozesuak ari da eraldatzen, hala nola kudeaketa operatiboa, barne-logistika, hiperautomatizazioa, datu aurreratuen erabilera, adimen artifiziala eta bidaiariaren esperientziaren digitalizazioa. Thinktur-ek egindako eBook horrek eraldaketa horri buruzko azterketak biltzen ditu.
TECNALIAren ekarpenaz gain, argitalpenak, besteak beste, Eurecat, ITH, Vicomtech eta Turistec zentroen ikusmoldeak jasotzen ditu, eta ikuspegi orokor bat eskaintzen du robotikaren inpaktu errealari buruz eta sortzen ari diren teknologiek igurikimen berrietara egokituko den turismo lehiakorrago eta jasangarriago baten eraikuntzan duten zereginari buruz.
Zerbitzu-robotika hospitality-aren arloan
Espainiako Robotika eta Automatizazio Elkarteak (AER) ere parte hartu du dokumentuan, zerbitzu-robotika (gidatzeko, informatzeko eta laguntzeko robotak) "hospitality" sektorean txertatzeari buruzko analisi bat egin baitu. Nabarmendu du, gainera, erronka nagusiak ez direla teknologikoak izaten, kulturalak, prestakuntzakoak eta antolakuntzakoak baizik.
eBook horrek ikuspegi zorrotz eta praktikoz erakusten du robotika eta automatizazioa promesa izatetik turismoaren errealitate operatibo izatera igaro direla. Teknologia, pertsonak eta estrategia modu orekatuan konbinatzen baditu soilik izango da jasangarria eraldaketa hori.
