
Prentsa-oharra
Prentsa-oharra
2025ko irailaren 29a
Barakaldo, 2025eko irailaren 16a. Irailaren 26an, klima-aldaketaren erronkari buruzko dibulgazio zientifikoko ekitaldirik handiena egingo da Barakaldon. Herri horrek hartuko du OREgauaren bigarren edizioa. Ikertzaileen Europako Gaua da OREgaua, eta Europako hiri askotan ospatzen da aldi berean.
Lasesarreko kiroldegian izango da, 17:00etatik 22:00etara, eta 2.000 m2-ko gune bat hartuko du, energia berriztagarriekin lotutako tailer, esperimentu eta erakustaldiekin, eta klima-erronkarako “Made in Euskadi” soluzio teknologikoekin. Sarrera doan izango da hurbildu nahi duten familia guztientzat, eta ez dago aldez aurretik izena eman beharrik; 3 urtetik gorako umeentzat izango dira jarduerak.
OREgaua ekimena ORE4citizens europar proiektuaren barruan dago. ORE4citizens euskal zientzialariek sustatutako aliantza bat da, TECNALIA duena buru, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Euskampus Fundazioarekin eta BCAMekin (Basque Center for Applied Mathematics) lankidetzan. Aurten, Barakaldoko Udalaren, sektoreko 20 erakunderen eta ehun bat ikertzaile boluntarioren babesa du.
OREgaua gaur aurkeztu dute Barakaldoko alkate Amaia del Campok eta ORE4citizens proiektuaren zuzendari eta TECNALIAko ikertzaile Eider Roblesek. Aurkezpenean OREgauaren jarduerak eta Europako proiektuaren izateko arrazoia xehatu dituzte.
Hilaren 26ko egitarauan, arratsaldean zehar, tailerrak, jolasak, hitzaldiak eta esperimentuak daude, adin guztietarako. Horrez gain, ikastetxeen arteko lehiaketa bat izango da, eta jarduera-kopuru bat osatzeagatik parte-hartzaile diploma bat eskuratzen dutenek sari bat lortzen lagunduko diete beren ikastetxeari eta ikasgelari.
Jardueretan parte hartzeko, ez da izena eman beharrik, urpeko igeriketako hastapenetarako izan ezik:
ORE4citizens euskal emakume zientzialariek bultzatu eta Europar Batasunak finantzatutako aliantza bat da. 60 ikertzailek eta 20 euskal erakundek baino gehiagok bat egin dute harekin, zientzia herritarrengana hurbiltzeko, klima-aldaketak euskal kostaldean dituen ondorioak ezagutarazteko eta energia berriztagarriek —bereziki itsasokoek— berotze globalaren aurkako borrokan duten funtsezko eginkizunaren berri emateko. Ekimen horren bidez, gainera, nabarmendu nahi dute euskal industria lider dela sektore horretan mundu zabalean, eta aukera bikaina eskaintzen duela gizartearentzat eta planetarentzat. Ekimen horrek zenbait jarduera aurreikusten ditu datozen bi urteetan Euskadiko udalerrietan, herritarrekin eta ikastetxeekin orpoz orpo.
Klima-aldaketak erronka nabarmenak ditu euskal kostalderako, bai ingurumenaren gaineko inpaktu fisikoen aldetik, bai kostaldeko komunitateen gaineko inpaktu sozioekonomikoen aldetik. Garrantzitsua da neurriak hartzea aldaketa horietara egokitzeko eta klima-aldaketak eskualdean dituen ondorioak arintzeko. Itsasoko energia berriztagarriak garatzeak eta hedatzeak lagundu egiten du arintze horretan. Hori horrela, trantsizio energetikorako gakoetako bat da maila globalean epe ertain eta luzerako, haren sorkuntza-potentziala dela eta. Aldi berean, energia-mota hori aukera industrial, ekonomiko eta soziala da Euskadirako, eta bateragarria da itsas ingurunea babestearekin.