Prentsa-oharra

Euskal partzuergo batek hidrogeno berdea kostu baxuan sortzeko teknologiak garatuko ditu

2021ko azaroaren 23a
Un consorcio vasco desarrollará tecnologías para la generación de hidrógeno verde a bajo coste
  • H2BASQUE ekimenean batu dira, TECNALIA buru dutela, Tubacex Innovación, Cidetec, CIC Energigune, Euskal Herriko Unibertsitatea, Tekniker, Petronor Innovación eta Energia Klusterra. Ekimenak hidrogeno berdea sortzeko teknologien osagai berritzaileak garatuko ditu (hala nola elektrolizatzaileak eta ziklo termokimikoak), hidrogenoa ekoizteko prozesuko kostuak eta material kritikoen erabilera murrizteko eta, hala, errendimendua hobetzeko
  • Hidrogeno berdea sortzeko teknologiak prozesu industrialetan nola integratu ere ikertuko dute, eta teknologia horiek ezartzeko erabilera industrial egokienak zein diren definituko dute
  • Hidrogeno berdea iturri berriztagarrietatik eratortzen da, eta lehengai gisa erabiliko da hainbat alorretan: industria kimikoa, sektore industrialen deskarbonizazioa, mugikortasuna, bizitegi-sektorea, hirugarren sektorea, energiaren garraio masiboa eta energiaren epe luzeko metaketa

2021Eko azaroaren 3a Hidrogenoak ekonomia deskarbonizatzen laguntzeko ahalmen handia duenez, funtsezkoa izango da trantsizio energetikoan; bereziki, elektrifikatzeko zailak diren sektoreetan eta prozesuetan. Hidrogeno berdea iturri berriztagarrietatik eratortzen da, eta beste aurrerapauso bat da energia-mota berri horretan. Aurreikuspenen arabera, lehengai gisa erabiliko da hainbat alorretan: industria kimikoa, sektore industrialen deskarbonizazioa, mugikortasuna, bizitegi-sektorea, hirugarren sektorea, energiaren garraio masiboa eta energiaren epe luzeko metaketa.

Bide horretan, Tubacex Innovación, Cidetec, CIC Energigune, Euskal Herriko Unibertsitatea, Tekniker, Petronor Innovación eta Energia Klusterrak osatutako partzuergoa, TECNALIA buru duela, Euskadin hidrogeno berdea sortzeko teknologiak garatzen ari da. Proiektuak irismen globala du, eta Euskadin hidrogeno berdea ekoizteko teknologiak eta soluzioak garatzea eta hobetzea du helburu, halako hidrogenoa era lehiakorragoan lortzeko (energia berriztagarriak erabiltzen laguntzeko) eta eskala handian fabrikatzea lortzeko (kostuak murrizteko); hala, Euskadiko enpresen ekoizpen-ahalmena eta lehiakortasun industriala hobetuko da.

Hidrogeno berdea sortzeko hiru prototipo berritzaile

Proiektu honetan, hidrogeno-mota hori sortzeko hiru prototipo garatuko dira, teknologia hauetan oinarrituak: anioi-trukeko mintz-elektrolizatzaileak, protoi-trukeko mintz elektrolizatzaileak eta ziklo termokimikoak.

Elektrolizatzaile batekin, prozesu kimiko baten bidez (elektrolisia) ekoitz daiteke hidrogenoa, non ura, elektrizitatea erabiliz, osagai dituen hidrogeno- eta oxigeno-molekuletan bereizten baita. Prozesu horretan erabilitako elektrizitatea iturri berriztagarrietatik datorrenean lortzen da “hidrogeno berdea”.

Prozesua ezaguna izanagatik, aurrerapen teknologikoak behar ditu eraginkorragoa izan dadin eta hidrogeno-ekoizpenaren kostuak murriztu daitezen. Hidrogenoa ekoizteko prozesuaren kostuak murrizteko, material kritiko gutxiago erabiltzeko eta errendimendua gaur egunekoa baino hobea izatea lortzeko, osagai berriak garatzea du proiektuak helburu, hala nola mintzak eta katalizatzaileak.

Hidrogeno berdea sortzeko teknologiak prozesu industrialetan nola integratu ere ikertuko da proiektuan, baita teknologia horiek ezartzeko erabilera industrial egokienak zein diren definituko ere.

H2BASQUE ekimena estrategikoa da Euskadirako, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Grapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatu du, Elkartek programaren bitartez. Ekimenaren helburu globala da parte-hartzaileek eta Euskadiko sektore horretako enpresek Espainian, Europan eta nazioartean duten posizionamendu zientifiko-teknologikoa eta komertziala hobetzea.