Ardoaren hartziduraren kontrol adimenduna

    2026ko urriaren 13a

    ardoaren hartziduraren kontrol adimenduna

    «Ardogintzaren sektorearen digitalizazioa eta upategien lehiakortasunaren hobekuntza»

    Monitorizazio jarraitua eta ez-inbaditzailea, kontrol zehatz baterako

    Hartzidura alkoholikoa ardogintzako faserik kritikoenetako bat da. Prozesu horretan, muztioa ardo bihurtzen da, eta haren profil sentsoriala zehazten duten konposatu aromatikoak sortzen dira. Gainera, hartzidura-baldintzek produktuaren kolorean, egituran eta azken kalitatean eragiten dute.

    Hala ere, kontrol-sistema tradizionalek muga garrantzitsuak dituzte:

    • analisi puntualetan oinarritzen dira
    • laginak eskuz hartzea eskatzen dute
    • datu etenak ematen dituzte
    • neurketetan aldakortasuna sartzen dute

    Errealitate horrek zaildu egiten du prozesu dinamiko eta konplexu baten jarraipen zehatza.

    Intentsitate txikiko ultrasoinuetan oinarritutako teknologia

    Intentsitate txikiko ultrasoinuetan oinarritutako teknologiari esker, prozesuan eragin gabe azter daiteke andelen barruan gertatzen dena. Sistema kanpoaldetik instalatzen da, lehendik dauden ekipoak aldatu gabe eta produktuarekiko kontakturik gabe.

    Soluzioaren abantaila nagusiak

    • neurketa jarraitua, denbora errealean
    • sistema ez-inbaditzailea eta segurua
    • instalazio erraza eta hainbat upategitarako moldagarria
    • lagin-hartzeari lotutako akatsak murriztea

    Uhin ultrasonikoen hedapena analizatzeak aukera ematen du aldaketa fisikoak funtsezko parametroekin erlazionatzeko, hala nola azukre-edukiarekin, dentsitatearekin eta graduazio alkoholikoarekin.

    Aurreikuspena eta efizientzia, ekoizpen jasangarri baterako

    Datuen prozesamendu aurreratuak monitorizaziotik harago joateko aukera ematen du. Prozesuaren desbideratzeak hasierako faseetan identifikatzen dituzten machine learning ereduak aplikatzen ditugu. Horrek aurrea hartzeko gaitasuna ematen du, eta, hala, errazagoa da erabakiak hartzea eta arazoak saihestea; esate batera, honako arazo hauek:

    • Hartziduran etenaldiak gertatzea
    • Prozesua mantsotzea
    • Lehengaia galtzea
    • Azken kalitatean desbideratzeak izatea

    Gainera, teknologia honek baliabideak optimizatzen laguntzen du ekoizpen-prozesuaren une giltzarri batean.

    • Hartzidurak upategi baten energia-kontsumoaren ehuneko handi bat hartu dezake.
    • Kontrola hobetzeak kontsumoak murrizten ditu, hondakinak minimizatzen ditu eta efizientzia orokorra handitzen du.

    Sistema honek enologoaren lana ere eraldatzen du.

    • Etengabeko informazioa eskura izateak eredu erreaktibo batetik eredu prebentibo batera igarotzea ahalbidetzen du; erabakiak azkarragoak eta zehatzagoak dira, baita urrunetik hartzen direnean ere.

    Klima-aldaketaren testuingurura egokitzea

    Klima-aldaketak ardogintza-prozesuaren konplexutasuna areagotzen du. Mahats-bilketa goiztiarragoek eta muztioaren konposizio-aldaketek hartzidura irregularrak izateko arrisku handiagoa dakarte.

    • Gure teknologiak egonkortasuna eta kontrola ematen ditu.
    • Aldaketa sotilak detektatzea errazten du, eta neurri zuzentzaileak garaiz aplikatzea ahalbidetzen. Horrela, azken ardoaren kalitatea, erregulartasuna eta jasangarritasuna bermatzen ditugu.

    Berrikuntza hau SOSTWINE24 ekimenaren markoan kokatzen da; ekimen horrek ardogintzaren sektorearen digitalizazioa bultzatzen du, eta upategien lehiakortasuna hobetzen.

    Jakin nahi baduzu nola egiten dugun elikagaien industriarako soluzioetan aurrera, jo atal honetara: Osasuna eta Elikadura | Tecnalia