Berria

    Avanzadako tunelak segurtasuna hobetu eta inpaktu akustikoa murriztu ditu

    2025ko abenduaren 11a

    Adecuación del túnel de la Avanzada de Bilbao

    "Konprometiturik gaude Bizkaiko segurtasunarekin eta azpiegiturekin, eta erabiltzaileen babesari ematen diogu lehentasuna"

    Bi urte eta erdi iraun duten lanen ondoren, Avanzadako tunela Bizkaiko Tuneletako Segurtasunari buruzko Foru Dekretuak jasotakora egokitu dute

    TECNALIAk tunelak bete beharreko segurtasun-eskakizunak berrikusten parte hartu du, bai proiektu-fasean, bai eraikuntza-lanen jarraipenean, Bizkaiko Tunelen Segurtasuna Ikuskatzeko Erakundearen (OITB) parte den heinean. Egiteko horretan, lankide izan ditu Sener, Tekia eta Valentziako Unibertsitatea.

    Tunelean hobekuntzak egin dituzte segurtasuna areagotzeko, inpaktu akustikoa murrizteko eta hiri-integrazioa errazteko.

    BI-637 errepidearen parte horrek egunean 100.000 ibilgailu inguruko intentsitatea izaten du batez beste, eta funtsezko azpiegitura da Bilbo eskuinaldea eta Kukularrako lotunea elkartzeko. Obrak zirkulazioari eragin gabe egitea erronka izan da.

    Foru Dekretua betetzea

    OITBk 135/2006 Foru Dekretuaren betetze-maila berrikusten jardun du eta, besteak beste, lan hauek egin ditu:

    • Oinarrizko eta segurtasuneko azpiegitura: zeharkako sekzioa egokitzea, bide-zoru berria eta estaldura estetikoa jartzea, larrialdietarako 11. irteera eraikitzea, eta seinaleak, balizak eta hesi berria instalatzea.
    • Energia elektrikoa: elektrizitatez hornitzeko sistema berria (erredundantea eta larrialdietarakoa), eta, horretarako, bi transformazio-zentro berri eraikitzea.
    • Argiztapena: LED proiektagailuak instalatzea argiztapen iraunkorrerako eta errefortzu-argietarako, DALI erregulazio-sistema eta larrialdietarako ebakuazio-argiak dituztenak.
    • Aireztapena: haizagailuak jartzea egoera normaletan airearen kalitate egokia lortzeko eta, suteetan, kea kanporatzeko.
    • Suteetatik babesteko sistema: fibrolaserra eta kamera termikoak baliatzen dituen detekzio-sistema berri bat jarri da tunelean, baita suteetarako ur-harguneak, tutu lehorrak, BIEak eta su-itzalgailuak ere. Era berean, uholde bidezko instalazio berri bat ere jarri da tunelaren erdialdean.
    • Segurtasuna, zaintza eta kontrola: trafikoa kudeatzeko eta kontrolatzeko sistemak txertatu dira, hala nola hesiak, semaforoak eta seinaleztapen dinamikoa, baita kamera termikoak eta megafonia ere, gorabeherak izanez gero azkar eta eraginkortasunez erantzuteko.

    Langileak trebatzea eta simulazioak

    OITBk, era berean, tunela martxan jartzeko izapideetan parte hartu du; langileak trebatzen eta eskala errealeko simulazio bat egiten ere aritu da esku hartzeko taldeekin eta larrialdi-zerbitzuekin (hala nola suhiltzaile, Osakidetza, udaltzaingo eta Ertzaintzarekin).

    Jarduera horren bidez, TECNALIAk indartu egiten du Bizkaiko azpiegituren segurtasunarekin eta jarraitutasunarekin duen konpromisoa, eta erabiltzaileen babesari ematen dio lehentasuna.

    Tuneletako segurtasun-instalazioen ikuskapen- eta auditoretza-zerbitzuak

    Esperientzia handia dugu tuneletako segurtasun-instalazioak ikuskatzen eta auditatzen, hala nola energia elektrikoa, argiztapena, aireztapena eta suteetatik babesteko sistemak.

    Gainera, azken hamar urteetan baino gehiagoan gara Bizkaiko Tunelak Ikuskatzeko Erakundearen (OITB) buru.