Berria

Erabat energia berriztagarrietan oinarritutako mikrosare isolatuek energia-sektorearen lehiakortasuna hobetzen dute

2021ko otsailaren 3a
Hombre y mujer con ordenador junto a paneles fotovoltaicos

Produktu, azpiegitura eta eraikinetarako sorkuntza- eta metaketa-sistema hibridoak. Soluzioak biltzen dituzte hauetarako: metaketa, digitalizazioa, potentzia-elektronika, eguzki-energia, sarearen operazioa eta sare termikoak.

ENERISLA ekimenak % 100ean energia berriztagarrietan oinarritutako mikrosare isolatuak martxan jartzeko lan egiten du: Espainiako merkatu elektrikora ezagutza eta esperientzia transferitzen ditu, bai eta energia-paradigma berri batean bere lehiakortasuna hobetzeko soluzioak ere. Horretarako, energia-trantsizioari lotutako energia-sistema baten garapenaz eta autonomia-erkidego askok martxan jarritako klima-aldaketaren arloko politika anbiziotsuez baliatzen da.

Sareak gero eta jasangarriagoak, seguruagoak eta eraginkorragoak izango dira. Energia-trantsizioari eta ekonomiaren deskarbonizazioari norabidea, malgutasuna eta kudeagarritasuna ekarriko dizkieten plangintza estrategikoko tresnak garatuko dira, eta ekonomia garatzeko eta enplegua sortzeko ahalik eta aukera gehien harrapatuko dira.

Gure adituek ekimen honetan parte hartzen dute, hainbat alorretan duten ezagutza eta esperientzia eskainiz: energia-metaketa, digitalizazioa, potentzia-elektronika, eguzki-energia, sarearen operazioa eta sare termikoak. Ezagutza hori hainbat eskalatako energia-sistemak garatzeko baliatuko dute —produktu txikiak (EoT) zein azpiegitura handiak—, energia-sorkuntzako, -metaketako eta -eraginkortasuneko soluzio erabat berriztagarrien bidez. Energia sortu eta metatzeko sistema hibridoak garatuko dira, teknologia berriztagarriak bakarrik erabiltzen dituztenak, produktu, azpiegitura edo eraikinetan erabiltzeko.

ENERISLA erakuslea

ENERISLA partzuergoak ekarritako ezagutzen hibridazio egokia eta emaitzen transferentzia eraginkorragoa lortzeko, partzuergoak ENERISLA erakusle bat jarriko du martxan: TECNALIAren eta CIRCEren bi mikrosare guztiz autonomo izango dira. Mikrosare horiek komunikazio aurreratuko protokoloen bidez elkarrekin konektatzeko gai izango dira.

“Cervera” Bikaintasuneko Zentro Teknologikoei laguntzak emateko eta zentro horiek egiaztatzeko prozeduraren 2019. urteko deialdian parte hartzearen ondorioa da ekimen hori, eta Ezagutza Sortzeko eta I+G+B Sisteman Zientzia eta Teknologia Sendotzeko Estatuko Programaren esparruan sartzen da, (2017-2020), Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko eta Berrikuntzako 2017-2020 Estatu Planaren barruan.