"Material birziklatuak eta tokikoak erabiltzeari esker, murriztu egiten dira karbono-aztarna eta zabortegira bidalitako hondakinen bolumena”
Euskal proiektu aitzindari batek material industrialen balioa handitzen du, zoru jasangarri eta monitorizatuak sortzeko
CYCASA, BEFESA, FCC, FUCHOSA, TUBOS REUNIDOS, OSOAK, TECNALIA eta CERTINALIA enpresek frogatu dute industria-hondakin estrategikoak funtsezko aliatu bihurtu daitezkeela errepide jasangarri eta adimendunak eraikitzeko.
2022tik 2025era bitartean garatutako ECO2D4.0 ekimenaren helburua izan da ECO-zoruak diseinatzea eta baliozkotzea; zoru horiek, % 90ean baino gehiagoan, bigarren mailako materialez osatuta daude, hala nola altzairugintzako zepak, fresaketa-hondakinak, ferrosita, HHSetako errausketa-zepak eta galdaketa-hareak.
Hondakinetik zorura: berrikuntza geruza bakoitzean
Ikerketa eta saiakuntzako fase ugariren bidez, partzuergoak zabor-legarren, legar-zementuen eta nahasketa bituminosoen prototipoak garatu ditu, arau-baldintzarik zorrotzenak betetzen dituztenak. Kasu batzuetan, material konbentzionalen prestazioak ere gainditu dira.
Lan sakona egin da hondakinak funtzionamendu- eta ingurumen-aldetik karakterizatzeko, eta, ondoren, nahasketa espezifikoak garatu dira, laborategian baliozkotu dira eta egoera errealeko proba pilotu bat egin da Bilboko Portuan. Hautatutako nahasketek beharrezkoak diren ezaugarri teknikoak erdiesten dituzte, eta, horrez gain, baliabide naturalen erauzketa murrizten dute, bai eta erabili gabeko materialen garraioari eta ekoizpenari lotutako emisioak ere.
4.0 teknologia etorkizuneko errepideetarako
Proiektuaren lorpenik handienetako bat izan da denbora errealeko monitorizazio-ekosistema bat sortzea, errepideak azpiegitura adimendun bihurtzen dituena.
- Zoruaren geruzetan txertatutako sentsoreen eta haririk gabeko LoRa konektibitatearen bidez datu estrukturalak biltzen dira, eta datu horiek akatsak aurreikusteko, mantentze-lanak optimizatzeko eta zoladuraren bizitza baliagarria luzatzeko aukera ematen dute.
- Informazioa Autodesk Forge, Angular eta MySQL datu-baseetan oinarritutako 3D plataforma digital batean bistaratzen da. Plataforma horrek irudikatze geografikoa, parametro estrukturalak eta ingurumen-inpaktuaren iragarpena integratzen ditu.
Ingurumen-inpaktua eta ekonomia zirkularra
ECO2D4.0 berrikuntza teknologikoko ariketa ez ezik, jasangarritasunaren aldeko apustu argia ere izan da. Material birziklatuak eta tokikoak erabiltzeari esker, nabarmen murrizten da bai karbono-aztarna, bai zabortegira bidalitako hondakinen bolumena. Gainera, Bizi Zikloaren Analisia (BZA) iragartzeko tresna bat garatu da, diseinu-agertokiak alderatzeko eta testuinguru bakoitzean soluzio jasangarrienak hautatzeko aukera ematen duena.
HAZITEK 2022 programaren esparruan, ECO2D4.0 proiektua CYCASAk gidatu du, eta BEFESA, FCC, FUCHOSA, TUBOS REUNIDOS eta OSOAK erakundeek osatu dute; TECNALIAk eta CERTINALIAk ere parte hartu dute.