Berria

Malauiko LHko ikasle-talde batek bisitatu gaitu

2022ko abenduaren 21a
Visita de estudiantes de formación profesional de Malawi a Tecnalia

“TECNALIA Afrikako zenbait ekimenetan parte hartzen ari da, eta Malauiko Lanbide Heziketako ikasle-talde bat izan du bisitan bere instalazioetan”

Malauiko Lanbide Heziketako ikasle-talde bat izan da bisitan TECNALIAn, Smart Energy Solutions for Africa eta Supporting Alliance for African Mobility ekimenen esparruan.

Malauiko Don Bosco Youth Tech Institute Hezkuntza Lanbide Heziketako Eskolako ikasle-talde bat Euskal Herriko San Viator eskolan ari da prestakuntza jasotzen, zeina TECNALIAren laguntzaile baita. Beren hezkuntza-esperientzia aberasteko, TECNALIAren instalazioak bisitatzera gonbidatu dituzte ikasleak, ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroan ikertzaileek nola lan egiten duten erakusteko.

Bisitan, ikasleek ikusi ahal izan dute enpresekin eta erakundeekin lankidetzan aritzen dela TECNALIA, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta era jasangarrian hazteko.

Energia-soluzio adimendunak Afrikarako

SESA (Smart Energy Solutions for Africa) Europar Batasunaren eta Afrikako bederatzi herrialderen (Ghana, Kenia, Malaui, Maroko, Namibia, Nigeria, Ruanda, Hegoafrika eta Tanzania) arteko lankidetza-ekimen bat da. Helburua da energia eskuratzeko teknologiak eta negozio-ereduak eskaintzea, erraz aplika daitezkeenak eta tokiko aukerak sortuko dituztenak Afrikako garapen ekonomikorako eta kohesio sozialerako. TECNALIA partaide duen ekimen honen helburua da klima-aldaketa arintzea eta blokeo-egoerak saihestea, eta, aldi berean, energia jasangarria Afrikan modu erraz eta fidagarrian eskuratzeko aukera hobetzea.

Helburuak lortzeko, erakusle teknologikoak sortuko dira Afrikako bederatzi hiri eta eskualdetan. Haietan, partzuergoko kideen, berritzaileen eta tokiko komunitateen arteko lankidetzan sortuko dira berrikuntzak, eta hiri- eta landa-inguruneetan probatuko dira. Soluzioak erreplikagarriak izatea nahi da, eta, horretarako, azken aurrerapenetatik harago joateko eta proiektuaren eragina maximizatzeko ahaleginaren parte gisa, berrikuntzak egingo dira tokiko bazkideekin, eta lankidetza estuan arituko dira antzeko beste ekimen batzuekin, sinergiak ustiatzeko.

Afrikako mugikortasunerako laguntza-aliantza

San Viator Lanbide Heziketako ikastetxeak koordinatutako SAAM ekimenak (Supporting Alliance for African Mobility) Lanbide Heziketako sare bat sortu du, Afrikako eta Europako LHko ikastetxeen arteko parez pareko konexioetan oinarritua, emaitza arrakastatsuak lortzeko, eragin handiagoa izateko eta lotura errealak eta oparoak eraikitzeko.

Gainera, Don Bosco Youth Tech Institute-k SESA proiektuan parte hartu nahi du, eta gaikuntzari loturiko gaietan eta sor litezkeen beste batzuetan lankidetzan jardun. Bi ekimenen arteko lankidetza bi proiektuetan parte hartzen duten Afrikako beste herrialde batzuetako eskoletara zabaltzea espero da.