«Gure helburua da antsietatearen sintomak arintzeko diseinatutako elikagai funtzionalak garatzea»
Antsietatea murrizteko elikagai-sorta berri bat garatzen ari gara
Gaur egungo gizartean, osasun emozionaleko bi arazo, estresa eta antsietatea, nonahi ageri dira. Zenbait faktorek, hala nola presio profesionalak, hiperkonektibitateak, ezegonkortasun ekonomikoak eta pandemiaren ondorioek, sendagai antsiolitikoen ordezko alternatiba eraginkor, seguru eta eskuragarrien eskaria areagotu dute.
Testuinguru horretan sortu da SERENIA proiektua (Emozio Negatiboak eta Antsietatea Murrizteko Soluzio Eraginkorrak), arazo horri nutrizio funtzionalaren bidez heltzea helburu duen diziplina anitzeko ekimena; ekimen horretan, TECNALIAko Elikadura taldea ari da lanean.
Ebidentzia zientifikoan oinarritutako erantzuna
SERENIAren helburu nagusia da unean uneko estres-egoerek eragindako antsietate-sintomak arintzeko berariaz diseinatutako elikagai funtzionalak garatzea.
- Tratamendu farmakologikoak ez bezala, proposamen hau propietate antsiolitikoak dituzten osagai naturaletan oinarritzen da; osagai horiek elikagai-matrizeetan txertatzen dira, egonkortasuna eta bioerabilgarritasuna optimizatzeko.
- Ekimenaren helburua da ebidentzia zientifikoan oinarritutako alternatiba eskuragarri eta seguruak eskaintzea, eguneroko estresari lotutako antsietate arineko egoerak kudeatzen laguntzeko.
TECNALIAren eginkizun estrategikoa
TECNALIAko Elikadurako lantaldeak ikerketa aplikatuan eta bioteknologian duen esperientzia baliatzen du zientzia benetako soluzio bihurtzeko. Gure ekarpena osasun pertsonalizatuaren eta elikaduraren arloan soluzio berritzaileak garatzean datza, eta konposatu bioaktibo horiek kontsumitzaileentzat eraginkorrak eta seguruak izateko behar den ezagutza teknikoa eskaintzen dugu.
Proiektuak bost etapa nagusitan banatutako metodologia zorrotz bati jarraitzen dio:
- Identifikazioa: berrikuspen sistematikoa, potentzial antsiolitiko handiena duten konposatu bioaktiboak hautatzeko.
- Formulazioa: elikagaiak garatzea erauzketa-teknologia jasangarrien bidez.
- Optimizazioa: mikrokapsulatze-estrategiak eta bide metabolikoen azterketak erabiltzea printzipio aktiboen bioirisgarritasuna hobetzeko.
- Baliozkotzea: animalia-ereduetan in vivo ebaluazioa egitea, formulazioen eraginkortasuna eta portaera aztertzeko.
- Eskalatzea: prototipo industrialak garatzea eta gizakiengan egingo diren azterketa klinikoetarako dosierrak prestatzea.
Osasun mentalaren aldeko diziplina anitzeko partzuergoa
SERENIAren arrakasta oinarrizko hiru zutaberen arteko lankidetzan datza:
- Fruselva Global: proiektuaren buru da, eta elikagaien formulazioan eta ekoizpenean duen gaitasun industriala eskaintzen du.
- EHU: arlo zientifikoaren buru da, eta neurozientzian eta osasun mentalean duen ibilbidea eskaintzen du.
- TECNALIA: bioteknologian eta osasun pertsonalizaturako soluzioen garapeneko abangoardia eskaintzen du.
Espero izatekoa den eragina
SERENIAk, produktu berriak sortzeaz gain, estresari dietaren bidez ematen zaion erantzunaren modulazioari buruzko ezagutza sortu nahi du. Azken inpaktua bikoitza izango da: batetik, helduei eguneroko estresari aurre egiteko tresna natural eta praktiko bat eskaintzea; eta, bestetik, ebidentzia zientifikoan oinarritutako nutrizio-alternatiben bidez sendagai antsiolitikoen erabilera murrizten laguntzea.
TECNALIAn pertsonen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetuko dituzten teknologiak sortzeko konpromisoari eusten diogu.
*SERENIA proiektua (CPP2024-011578) Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak (MICIU), Estatuko Ikerketa Agentziak (AEI) (10.13039/501100011033) eta Europar Batasunak finantzatzen dute, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (FEDER) bidez.
