Zer den giza biki digitala eta nola aplikatzen den industrian

    2026ko uztailaren 30a

    Zer den giza biki digitala eta nola aplikatzen den industrian

    "Pertsonen eta makinen biki digitalek informazioa trukatu eta negoziazio-prozesuetan parte hartu ahal izango dute"

    Etorkizuneko industria pertsonetara egokitzen da giza biki digitalei esker

    GIZAKITU ekimenak giza biki digitalen (Human Digital Twins) garapena ikertzen du; teknologia horrek langileen egoerari buruzko informazioa integratuko du industria-sistemetan, benetako funtzionamendu-baldintzetara modu eraginkorragoan egokitu daitezen.

    • Makinak eta prozesuak monitorizatzeko gai izateaz gain, etorkizuneko fabrikek bertan parte hartzen duten pertsonen egoera ere hobeto ulertzea da helburua.
    • Horretarako, zenbait giza seinaleren hautemate eta analisian lan egiten da, arreta-maila, ernetasuna, nekea edo lan-karga aldagaiak balioetsiz, besteak beste, erabaki seguruagoak eta moldakorragoak hartzea errazteko.

    Pertsonen eta makinen biki digitalak, lankidetza eraginkorrago baterako

    Proiektuaren demostratzaile nagusietako bat Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta TECNALIAren arteko elkarlanean garatuko da: giza monitorizazioaren gaitasunak SMIA plataformarekin integratuko dira, zeina industria-aktiboen elkarreragingarritasunera eta koordinaziora bideratutako arkitektura bat baita.

    • Agertoki horretan, pertsonen eta makinen biki digitalek informazioa trukatu eta negoziazio-prozesuetan parte hartu ahal izango dute produkzio-atazak era dinamikoan esleitzeko.
    • Erabilera-kasuak aukera emango du ebaluatzeko nola txerta daitekeen langileen egoera sistemaren erabakiak hartzeko prozesuan, arreta-maila, lan-karga edo pertsona bakoitzaren egoera operatiboa bezalako aldagaiak kontuan hartu eta atazen esleipen dinamikoa errazteko.
    • Horrela, pertsonak, makinak eta produkzio-sistemak modu adimentsuago eta eraginkorrago batean elkarlanean ari diren industria-inguruneetarantz egiten da aurrera.

    Arreta eta nekea monitorizatzea pertsona-robot lankidetzan

    Beste erabilera-kasu batean ere parte hartzen dugu: IKERLANek zuzendua, operarioaren arreta eta nekea aztertzera bideratzen da, robot kolaboratzaile batekiko gainbegiratze- eta elkarrekintza-atazetan.

    • Giza egoeraren monitorizazioan oinarritzen da ikerketa, pertsona-robot lankidetza seguruagoa eta eraginkorragoa sustatzea helburu dela, proiektuan garatutako detekzio-teknologiak baliozkotuta.

    HF&UX Lab laborategiak pertsonengan zentratutako industria garatzen laguntzen du

    Ikerketa honen barruan, gure Giza Faktoreen eta Erabiltzaile-esperientziaren laborategian (HF&UX Lab) azterlan bat egin dugu 40 parte-hartzailerekin.

    Mikrofonoak, kamerak eta monitorizazio fisiologikorako gailuak erabiliz, pertsonen arretarekin eta ernetasunarekin lotutako aldagai giltzarrien estimazioan lan egiten ari gara.

    Urrats bat gehiago industria-sistema moldakorretarantz

    Bi demostratzaileetan lortutako emaitzek giza faktorea denbora errealean txertatzeko gai diren industria-sistemak garatzen lagunduko dute, fabrikazio adimentsuago, seguruago eta pertsonengan zentratuago bat sustatuz.

    TECNALIAtik, azterlanean parte hartu duten guztiei beren kolaborazioa eta ikerketari eskainitako denbora –etorkizuneko industria eraikitzen jarraitzeko funtsezkoak– eskertu nahi dizkiegu.