Prentsa-oharra

TECNALIAk errepideko segurtasuna hobetzeko gidatze autonomoko sistemak aurkeztuko ditu Go Mobilityn

2020ko martxoaren 10a

Sentsoreen eta adimen artifizialaren bidez, sistema horiek kanpoko oztopoak eta gidariak arreta galdu izanaren zantzuak detektatzen dituzte, % 100 seguru gidatzen laguntzeko

Donostian, 2020ko martxoaren 9an. Gidatze automatizatua da errepideko segurtasuna hobetzeko joera nagusietako bat. Ibilgailuen erabateko automatizazioa lortzeko bidean, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa bi sistema-mota garatzen ari da, etorkizuneko mugikortasunaren aldaketa handiak aprobetxatzearen alde egiten duten sektoreko enpresei irtenbide berritzaileak eskaintzeko: batetik, gidatzen laguntzen dutenak, eta, bestetik, ibilgailuaren kontrola partekatzen dutenak. Hala aurkeztuko du Europako hegoaldeko mugikortasun jasangarriko ekitaldirik garrantzitsuenean, Go Mobilityn, martxoaren 11n eta 12an, FICOBAn (Irun).

Lehenik, kontrol partekatuak aukera ematen du lankidetza erraza ezartzeko ibilgailu automatizatuaren eta gidariaren artean; gidariak arreta-galtze, neke edo loguraren zantzurik baldin badu edo bide-segurtasuna arriskuan jar dezakeen zerbait gertatzen bada, sentsoreek detektatu egiten dute. Horrelakoetan, sistemak bere gain har dezake kontrola, eta egin beharreko zuzenketak gauzatu; adibidez, bolantea biratu, abiadura doitu eta abar. Bestalde, segurtasuna bermatuta badago, gidariak bere gain har dezake kontrola, autoritate-trantsizio progresibo, fidagarri, ulergarri eta seguru baten bidez.

Hori guztia ikusi ahal izango da TECNALIAren Go Mobilityko standean. Zentroak kontrol partekatuko gidatze automatizatuko simulagailu bat aurkeztuko du, non ikusiko baita bolanteak mugimenduari aurka eginez erantzuten diola arrisku-egoera bati gidariak arrisku handiko maniobra bat egiten duenean. Halaber, gidariaren monitorizazio-sistema bat erakutsiko da, buruaren eta begiradaren norabidea, logale-zantzuak eta kliskatze-maiztasuna aztertzen dituena kamera batez hartutako irudiak prozesatuz.

Bigarrenik, gidatzen laguntzeko sistemen onurak jakinaraziko dira. Teknologia horretan, funtsezkoa eta ezinbestekoa da ibilgailu autonomoaren ibilbidean dauden elementuak detektatzea: beste ibilgailu batzuk, bidearen erabiltzaile zaurgarriak edo espero ez diren elementuak. Detekzio hori funtsezkoa da erabakiak hartzeko abiadura handitu edo txikitzean, bide-aldaketak egitean edo larrialdiko geldialdi bat egitean.

Azokan, teknologia horien adibideak erakutsiko dira, eta, Go Mobilityko pistan, TECNALIAk proba bat egingo du detekzioaren garrantzia berresteko. Ibilgailuak bere ibilbidean oztoporen bat hautematen badu, larrialdiko geldialdi bat egingo du, eta, gero, berriz jarriko da martxan, oztopoa desagertu ondoren. Horretarako, ingurunea hautematen laguntzen duten sentsoreak eta adimen artifizialeko algoritmoak erabiliko dira.

Ibilgailuen elektrifikazioa

Ibilgailuen elektrifikazioa da etorkizuneko mugikortasuneko beste joera nagusietako bat; alderdi horretan, TECNALIAk ibilgailuetarako trakzio elektrikoko sistemak, hibridazio-sistemak eta energia kudeatzeko sistemak garatzen ditu, hasi prototipoetatik eta ibilgailu funtzionaletaraino. Horren adibide bat, Go Mobilityn ikusi ahal izango dena, mikrobus hibrido bat da, motor elektrikoaren propultsioa eta errekuntza-motorraren erabilera konbinatzen dituena, gidatzean bateriak kargatzeko eta, hala, autonomia handitzeko, zero emisioko eremuetan hiri-zerbitzuak emateko.

Gainera, TECNALIAk HIL (hardware in the loop) armairuaren sistema izango du bere standean; ibilgailu baten osagai guztiak birtualizatzen ditu, eta, hari esker, TECNALIAk garatutako kontrol-sistema guztiak egiazta daitezke: propultsioa, bateriak kargatzea eta hibridazio-moduen kudeaketa. Ibilgailu erreal batean egotea bezalakoa da; beraz, murriztu egiten dira garapenaren eta baliozkotzearen kostuak.

Energia sortzea eta trafikoa iragartzea

TECNALIAren standean, bestalde, ibilgailu elektrikoentzako sabai fotovoltaiko bat egongo da. Zehazki, FICOBAn, hiri-inguruneetan merkantziak banatzeko bizikleta baten atoiaren sabaia erakutsiko da. Sabai horrek energia elektriko berriztagarria sortzen du, eta, kasu honetan, kontsumo osagarriak eta ibilgailuaren trakzioa elikatzen ditu, salgaiak etxera eramateko.

Azkenik, Smart Mobility Lab aurkeztuko dute, bi telebista-pantailaren bidez, non erakutsiko baita zer aplikazio duen adimen artifizialak pertsonen mugikortasuna hobetzeko. Hala, datuak aztertzeko plataforma baten bidez, hirietako trafikoa aztertu, iragarri eta simulatzen da. Bestalde, bero-mapen bidez, pertsonen mugikortasun-ereduak identifikatzen dira, eta, informazio horrekin, aukerarik onena prestatzen da, denborari eta energia-eraginkortasunari dagokienez, garraiobide publikoak eta pribatuak integratuz, hala nola autobusak, bizikleta-trukea eta automobilak.