Itsas garraioaren deskarbonizazioa erregai sintetiko jasangarrien bidez

    2026ko apirilaren 8a

    Combustibles sinteticos sostenibles

    "COMBATE ekimenaren helburua da erregai fosilen ordez bektore energetiko berriztagarriak erabiltzea"

    TECNALIA lanean ari da DMEa, hidrogeno berdea, amoniako berdea eta haien hibridazioa integratzeko soluzioak bultzatzen, kostuak murrizteko eta sektorearen efizientzia energetikoa hobetzeko

    COMBATE ekimena itsas garraioaren deskarbonizazioan eta elektrifikazioan ari da lanean; horretarako, erregai sintetiko jasangarri berriak ikertzen, probatzen, baliozkotzen eta integratzen dihardu, batez ere DMEa (dimetil eterra), hidrogeno berdea (H₂) eta amoniako berdea (NH₃), baita haien hibridazioa ere.

    Helburua da erregai fosilak bektore energetiko berriztagarriekin ordeztea, kostuak murriztea, efizientzia energetikoa hobetzea eta Europako subiranotasun teknologikoa eta industriala bultzatzea, kontuan izanik sektore hori erabakigarria dela emisioak murrizteko.

    Elektrifikatzen zaila den sektore bat deskarbonizatzea

    Itsas garraioa sektore konplexua da zuzenean elektrifikatzeko, eta soluzio integralak behar ditu kanpoko energia-mendekotasuna murrizteko eta industria-gaitasunak indartzeko.

    COMBATEk erronka teknologiko kritikoei heltzen die:

    • Prozesuen integrazio termikoa, instalazioaren efizientzia globala maximizatzeko.
    • Hidrogeno berdea ekoizteko kostuak murriztea.
    • Erregaien sintesiaren efizientzia hobetzea.
    • Motorrak eta sistema osagarriak erregai berrietara egokitzea.

    TECNALIAk Mintzak eta Prozesuak Areagotzeko Teknologiako, Hidrogeno Teknologietako eta Bioekonomia eta CO ikerketa-taldeekin dihardu lanean COMBATE egitasmoan, inpaktu teknologiko handiko lan-ildo osagarriekin:

    • CO₂-a xurgapen bidez atzitzea: material hibrido funtzionalizatuak ikertzen ditu, gaitasuna, hautakortasuna eta egonkortasuna areagotzeko, eta, xede horrekin, karbono zirkularra duten sintesi-ibilbideak gaitzen ditu.
    • DMEaren zuzeneko sintesia: erreakzioa eta bereizketa integratzen duten mintz-erreaktoreak garatzea, konbertsioa eta hautakortasuna areagotzeko eta energia-kontsumoa murrizteko.
    • Hidrogenoa bereiztea: mintzak aztertzea eta ezaugarritzea H₂-rako, iragazkortasuna, hautakortasuna, iraunkortasuna eta tenperatura altuko eragiketa kontuan hartuta.
    • Amoniakoaren sintesia elektrifikatzea: indukzio pultsatua aplikatzea bero-transferentzia areagotzeko eta elektrizitate berriztagarriarekin eginiko eragiketak malgutzeko.
    • CO₂-an oinarritutako konbertsio elektrokimikoa: konbertsio elektrokimikoko sistemetarako osagaiak hautatzea, ezaugarritzea eta baliozkotzea, baldin eta ahalbidetzen badute CO₂-a sintesi-ibilbideetan integratu daitezkeen bektore edo bitartekari berrietan balorizatzea.

    Proiektuak aurrera egingo du osagaien eta prozesuen baliozkotze aurreindustrialean, balio-katearen integrazioan (atzipena–sintesia–biltegiratzea–erabiltzea), eta itsasontziko motor eta sistemen egokitzapenean (DMEa, H₂-a eta NH₃-a baliatzeko), hibridazio eta segurtasun operatiboko estrategiak kontuan hartuta.

    • Empresarios Agrupados- GHESA taldeak koordinatzen du COMBATE.
    • Ekimenaren partaide dira, era berean, SISTEM, H2site, H2B2, SKV, IBERDROLA, UPM, EHU, Loyolako Unibertsitatea eta TECNALIA. Proiektua Zientzia eta Berrikuntzaren 2025eko Misiones Programak finantzatua da (MIG-20251019 espedientea).